Askotan gogoratzen naiz Philipp Blomen liburuaren izenburuarekin: The Vertigo Years. Blomek 1900-1914 arteko garaiaz hitz egiten du saiakera horretan. Berak eta beste aditu batzuek azaltzen dutenaren arabera, mundua asko eta azkar aldatu zen XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran: estatu modernoen sorrera, iraultza industriala, hirien hazkundea, masa kontsumoa… eta garapen izugarria zientziaren eta teknologiaren esparruetan. Sinbolikoa izan daiteke: 1900. urtean erakusketa erraldoi bat egin zuten Parisen, Exposition universelle.
Hamalau urte geroago, mundua jan behar zuen zibilizazio hiper-aurreratu hark bere burua irentsi zuen ia. Eta bai, adituek milaka orri idatzi dituzte, eta seguru arrazionalki esplikatu daitekeela kontua… baina kosta egiten da irensten: ez ote zuten ikusi zer zetorren, inork ez al zuen zeozer susmatu, nola hartu zuen halako dimentsioa? Zientziak eta teknologiak ordura arteko aurrerapen handienak bizi izan zituzten. Eta zer? Ematen du gizakiak esapide zaharrari arrazoi eman nahi izan ziola, elkarrekiko etsai eta otso jokatuz. Kosta egiten da garen gizaki horri aurpegira begiratzea.
Orain aste batzuk, kointzidentzia batek berpiztu zidan bertigo urteen ideia hori. Batetik, gizakia ilargira doa berriz: hara hor zientziaren eta teknologiaren arrakasta berritua (ez horiena soilik, baina beno). Bestetik, AEBetako presidenteak aldarrikatzen du, Irani buruz, zibilizazio baten heriotza eragingo duela. Bistako ondorioa: zientziaren, teknologiaren nahiz medikuntzaren aurrerapenek ez dakarte automatikoki zibilizazioaren aurrerapenik.
Eta ez nuke ezkorregia izan nahi, baina Lehen Mundu Gerra orain deitzen diogu Gerra Handiari; bigarrena gertatu ondoren, alegia. Eta orain zer? Bizi ditugun bertigo urte hauetan zer? Pete Seegerren Where have all the flowers gone? abesti antimilitarista handia datorkit orain gogora. Hala dio Lou Topetek abesten zuen Harkaitz Canoren itzulpenean: "Soldaduak non dira? Lurpean etzanikan... Ez dute ikasi... Deus ez dakite”.
"When will we ever learn?". Ikasiko al dugu inoiz?...