Ez ditut txirrindulariak atsegin, eta errepidean topatzen ditudan bakoitzean nire onetik ateratzen naute. Norbaitek azal diezadala ea zergatik atera behar duten igande eguzkitsu batean bizikletarekin errepidera. Beste milaka aisialdi jarduera egin ditzakete, baina ez, gainerakoak izorratzen dituen kirola egin behar dute, bai ala bai. Zirikatzen ariko balira bezala.
Txirrindularien sare horretan badira banaka edo binaka atera beharrean, zazpi, hamar edo hamabost laguneko tropeletan ibiltzen direnak. Baina ez al zarete ohartzen zuen atzean sortzen ari zareten auto ilaraz? Eta eskuko telefonoarekin momentua grabatu edota irudietan jasotzen dutenak? Ai, ene… Eta eskuarekin auto gidarioi aurreratzeko keinua egiten digutenak? Pazientzia, pazientzia… Eta zer esanik ez bidegorria edukita ere errepidetik ibiltzen direnak.
Beste egun batez, hamar minutuko bidaia egiteko ordu erdi behar izan dut, eta itzulera ere beste hainbeste luzatuko zaidala pentsatze soilak sutan jartzen nau. Bihar ere eguraldi ona dator gainera, eta antzera joango da kontua.
Horiek eta beste hainbat purrustada botako nituzkeen duela hiru hilabete eskas. 'Nituzkeen' diot, iraganean, txirrindulari horietako bat naizelako gaur egun. Gaizki esandako guztiak irentsi ditudala esan daiteke, eta ez da gertatzen zaidan lehen aldia. Horrek zer pentsatua eman dit.
Finean, esan nahi dudana da sarritan kritikatzen dugula jendea, hau, hori edota hura egiteagatik eta, hain justu ere, horren gogaikarria zitzaigun hori egiten amaitzen dugula. Gorrotatzen genuen pertsona hura bilakatzen garela, alegia. Kontraesankorra da, ezta? Ez dut uste hausnarketa hori egitea ezer txarra denik, kontrakoa baizik, guztiok egin beharreko zerbait dela iritzi diot. Sarritan enpatia falta dugula sentitzen dut, eta iritziak burura etorri bezalaxe botatzen ditugula, filtrorik gabe, ezer jakin gabe. Horrexegatik, uste dut albokoari gauzak aurpegiratzeari utzi beharko geniokeela, eta gure barruan dagoena konpontzen hasi.