Aurreneko Ximor Egunak izandako erantzunarekin gustura dira Urdaneta

Onintza Lete Arrieta 2026ko ekainaren 2a

Ximor Eguneko herri kirol saioko une bat. (Utzitakoa)

Aiako Urdaneta auzoko gazteek sortu dute eguna sanmartinetarako dirua biltzeko, eta balorazio positiboa egin dute larunbateko festaz. 

Urdanetako San Martin festetarako diru apur bat biltzeko helburuz, Ximor Eguna antolatu dute bertako gazteek aurrenekoz, eta larunbatean egin zuten festa. Sanmartinetan egin ohi duten herri afariak arrakasta izaten duela ikusita, uda aurretik formula hori beste festa egun batera ekartzea erabaki zuten. Hala, herri kirolak, txahal jana eta erromeria egin zituzten, eta jaiak izandako erantzunarekin gustura gelditu dira antolatzaileak. "Aurreneko Ximor Eguna izateko, nahikoa gustura gelditu gara". 

Txahal janarekin elkartea bete egin zela azaldu dute, "jende asko animatu zen, eta giro goxoa eta oso polita sortu zen", kontatu dute. Azkenean, erromeria ere elkarte barruan bertan egin zutela gaineratu dute; Lanberri eta Maria Lasa trikitilariek eskaini zuten saioa. "Bertso saio inprobisatua ere eskaini zuten bertan ziren gazte batzuek, eta jendeak gustura entzun zituen", esan dute. 

Gaueko parrandara "kanpotik gazte jende asko" bertaratu zela nabarmendu dute, eta Ximor taberna bete egin zela, eta festak "ondo goizaldera arte" iraun zuela. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide