Bisita gidatua antolatu du hezeguneetan zehar udalak larunbaterako

Enara Ariznabarreta 2026ko ekainaren 2a

Eraztun Berde Urdina irteerak. (Utzitakoa)

Ostiralean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta udalak Eraztun Berde Urdinean jarduerak antolatu ditu. Larunbatean bisita gidatua egingo dute hezeguneetan zehar.

Ostiralean Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Zarauzko altxor naturalak ezagutarazteko eta haien zaintza sustatzeko, Ingurumen Sailak bisita gidatu bat antolatu du herritar guztientzat ekainaren 6rako.

Bisita gidatuan, Eraztun Berde Urdinaren zenbait gune interesgarri zeharkatuko dituzte, dunak, Inurritzako Biotopoa, Asti-Irita hezegunea eta Tejeriako hatzaldia, bestek beste. Ibilaldia 10:00etan hasiko da Borghettoko kantinan, eta hiru ordu inguru irango ditu. Ibilbidea adin guztietako pertsonei zuzenduta dago, 2,8 kilometrotako luzera du eta zati handi bat irisgarria da.

Bisita parte hartzailea izango dela dio udalak, eta hainbat jarduera dinamiko eta praktiko izango ditu. Horretarako, hiru hezitzaile arituko dira: haur talderako dinamizatzaile bat eta helduentzako bi hezitzaile, talde bat euskaraz eta beste bat gaztelaniaz. Ekimen honen bidez, "herritarren eta naturaren arteko lotura indartu nahi" dela, eta, aldi berean, "ingurumena zaintzearen garrantziaz jabetzeko" balio duela dio udalak. "Naturguneak babestea erantzukizun partekatua" dela adierazi du, eta, horretarako, "ezinbestekoa dela ingurunearen ezagutza, errespetua eta zaintza sustatzea".

Udalak EBU Zarautz aplikazioa deskargatzea gomendatzen du, irisgarritasun unibertsaleko irizpideen arabera diseinatutakoa. Aplikazioak informazio eskuragarria, zeinu-hizkuntzako bideoak, Google Maps bidezko geolokalizazioa, irakurketa errazeko edukiak, eta lau hizkuntzatan eskuragarri dauden baliabideak eskaintzen ditu, besteak beste.

Bisita gidatura joan nahi duenak 943-83 09 90 telefonora deitu edota infoturismoa@zarautz.eus helbidera idatzi beharko du. Turismo Bulegoan ere izena emateko aukera izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide