Ernaik eta LABek deituta, mobilizazioa egin zuten atzo arratsaldean Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta Zarautzen ezin dugu bizi lelopean. Dozenaka herritar batu ziren deialdira, eta ozen salatu zuten Zarauzko etxebizitzaren egoera.
"Oinarrizko behar eta eskubidea da etxea, bizitzari aurre egiteko helduleku bat", esan zuten mobilizazio amaieran, baina, "ez, batzuentzat negozioa da, bai Zarautzen eta bai Euskal Herrian", zioten jarraian, "espekulazioak eta merkatuak ez dutelako uzten bizirauteko aukerarik". Zarauzko egoera salatu zuten jarraian, eta gehitu zuten bertako gazteak "aspaldi" ohartu zirela herrian ezingo zutela etxerik erosi "mirari bat gertatu ezean". Zarautzen "turismora eta kontsumora bideratutako herri eredua" defendatzen dela azpimarratu zuten, eta horrek, "herritik kanporatzen dituztela zarauztarrak, batez ere langileak, gazteak edota migranteak".
Egoera horren erantzuleak zeintzuk diren ere esan zuten atzokoan. Alde batetik, Zarauzko EAJ seinalatu zuten, beren ustez, alderdi jeltzaleak hartu ditzakeen baina hartzen ez dituen erabakiei erreferentzia eginez, tartean, tentsio handiko eremu izendapena. "Utzikeria dute gai horrekin, arduragabekeria edo interesik eza", gehitu zuten. Etxejabeei buruz ere mintzatu ziren atzokoan: "Bai, badakigu eskaintza eta eskaeraren logikari jarraituz nahi beste igo dezakezuela prezioa, baina ez, ez da zilegi oinarrizko behar batekin negozioa egitea". Horren aurrean, borrokatzen, aldarrikatzen, presioa egiten eta antolatzen jarraituko dutela nabarmendu zuten.