Ia 1.000 txirrindulari elkartuko ditu igande honetan Haimar Zubeldia Klasikoak

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 28a

Haimar Zubeldia, Inaxio Illarramendi eta Guillermo Lizeaga, atzo, aurtengo mailotarekin. (Onintza Lete Arrieta)

Urtero bezala, Aritzbatalde aurretik aterako dira txirrindulariak, eta aurrena omenaldi txiki bat egingo diete Perico Delgado, Roberto Laiseka eta Antonio Ortiz txirrindulari ohiei, baita probaren babesle Etxe Ondo enpresari ere. 

Atzo arratsaldean aurkeztu zuen Zarauzko Zikloturista Elkarteak (ZZE) aurtengo Haimar Zubeldia Klasikoa, eta prentsaurrekoan izan ziren elkarte horretako Guillermo Lizeaga eta probaren izena daraman Haimar Zubeldia bera, baita Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia ere. Igande goizean izango da zikloturistentzako martxa, 08:00etan Aritzbatalde aurretik irtenda, eta 160 kilometroko ibilbidea eginda, toki berean helmugaratuko dira. Antolatzaileek jakinarazi dute ia 1.000 txirrindulari elkartuko direla irteera puntu horretan. "Martxoa amaierarako 900 izen-emateak beteta zeuden, eta denera 996 kirolari aterako dira, izena eman duten horiei ia 100 gonbidapen gehitu behar zaizkielako", zehaztu zuten atzo.

Partaide horietatik gutxi batzuk izango dira emakumeak, 53, parte hartzaeileen %5,32. Pena dute kopurua altuagoa ez izatea, eta badakite zein litzatekeen konponbidea, baina zail ikusten dute egiteko: "Emakume gehiago animatuko lirateke bigarren ibilbide bat egingo bagenu, motzagoa, baina baimenik ez dugu lortzen horretarako", azaldu dute, Trafiko Zuzendaritzak hainbat arau zehazten dituelako bigarren proba hori egin ahal izateko.

Hitzordurako dortsalak larunbatean nahiz igandean jaso ahal izango dira, larunbatean 15:30etik 20:00etara, eta igandean, 06:45etik 07:45era. 

Lau omendu

Ohi bezala, aurten ere ZZEk hainbat txirrindulari ohi omenduko ditu martxaren hasieran: Perico Delgado espainiarra, besteak beste Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta irabazitakoa; Roberto Laiseka gernikarra; eta Antonio Ortiz espainiarra, mendi bizikletaren aitzindaria. 

Horiez gain, antolatzaileek martxa zikloturista babesten duen Etxe Ondo enpresari ere egin nahi diote aitortza, 50 urte bete dituelako aurten. 

Betiko ibilbidea

Ibilbidea azken urteetako bera izango dela azaldu zuten: Zarautz-Zumaia-Arroa Behea-Azpeitia-Bidani-Santutxo-Beizama-Nuarbe-Salbatore-Ormaiztegi-Atagoiti gaina-Legazpi-Azpeitia-Benta berri-Etumeta-Aizarna-Muniosoro bidegurutzea-Zumaia-Zarautz.

Anoa postuak Salbatoren, Landetan eta helmugan jarriko dituzte, eta ibilbide osoan zehar edukiko dute asistentzia mekanikoa. 

Ibilbideko puntu batzuetan lanetan ari direla jakinarazi zuten, eta gogorarazi derrigorrezkoa izango dela seinaleak eta trafiko arauak errespetatzea, ibilgailuen zirkulazioa irekita egongo baita martxaren unean. 

Babesleen laguntza aparta

Parte hartzaile guztiek Etxe Ondok espreski hitzordurako diseinaturiko mailota jasoko dute, baita beste hainbat produktu ere. 

Hamaiketakorik ere ez da faltako jardunaren ondoren: txorizo pintxoak, kroketak, jogurtak, fruta, sagardoa… Hori dena probaren babesleei esker eskain dezaketela azpimarratu zuten atzo, eta babesle berri bat lortu dutela ere iragarri zuten,  Zarauzko Gran Camping kanpinak hiru urteko konpromisoa hartu baitu elkartearekin. "Parte hartzaileentzako motxila bana eman du, eta bertan sartuko ditugu txirrindularientzako diren beste produktuak ere". Antolatzaileak oso eskertuta agertu ziren babesleekin, baita Illarramendi zinegotzia ere: "Herriko enpresek erakusten dute sinesten dutela proba honetan, eta pozgarria da hori". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide