Azken egunak dira SKAPAko Futbito Txapelketan izena emateko, ostiralean itxiko baitute bertan inskripzioa egiteko aukera. Larunbat honetan jokatuko dute kirol hitzordua, Plaza Gorrian, 10:00etatik aurrera.
Santa Klarako, Azken Portuko eta Aritzbataldeko jai batzordeak antolatu du txapelketa beste urte batez, eta taldeak jakitera eman duenez, oraingoz zortzi taldek eman dute izena.
Hori horrela izanik, oraindik egin ez dutenek azkenportua@gmail.com helbidera idatzi dezakete izena emateko –15 euro ordaindu beharko dira taldeko–. Gutxienez lau eta gehienez sei kidez osatuta egon beharko dute taldeek, eta partaide guztiek 16 urtetik gorakoak izan beharko dute. Txapelketaren egunean askaria emango zaie jokalariei.