Ernaik eta LABek mobilizatzera deitu dituzte herritarrak, Zarauzko etxebizitza arazoa salatzeko

Intza Trula 2026ko maiatzaren 27a

Salberdingo etxebizitza berriak. (Mireia Galarza Bastida)

Zarautzen ezin dugu bizi lelopean egingo dute mobilizazioa, ostiralean, 19:30ean, Lege Zaharren Enparantzan. Etxebizitzarekin egiten den negozioa gaitzesteko elkartuko dira, eta "gazteentzat etorkizun duina" aldarrikatuko dute.

Zarautzen etxebizitzarekin dagoen arazoa mahai gainean jarri nahi dute Ernaik eta LABek, eta egoera salatzeko mobilizazioa deitu dute ostiralerako, Zarautzen ezin dugu bizi lelo hartuta. Lege Zaharren Enparantzan jarri dute hitzordua, 19:30ean, eta bertan etxebizitzarekin egiten den negozioa salatuko dute, besteak beste. Era berean, "gazteentzat etorkizun duina" aldarrikatuko dute.

Haien esanetan, "EAJk ez du Zarautz eremu tentsionatu bihurtzeko urratsik eman". Gogoratu dute 2025eko otsaileko udalbatzarrean onartu zela Zarautz eremu tentsionatu izendatzea, baina, hala eta guztiz ere, egun ez dela horretarako pausorik eman. "Badirudi ez dela haien lehentasuna", salatu dute.

Egoeraren aurrean, kezka adierazi dute: "Emantzipatzeko adina gorantz doa, ezin ditugu gure bizi proiektuak gure herrian garatu, gurasoen etxean bizi behar dugu, eta erbeste inmobiliariora kondenatzen gaituzte". Horrez aparte, esan dute alokairurako etxebizitzen prezioak ez daudela gazteentzat eskuragarri. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide