'Las chicas de la estacion' filma gaur, Emakumeen Etxean

Enara Ariznabarreta 2026ko maiatzaren 27a

Emakumeen Mahaiak pentsamendu kritikoa, elkarrizketa eta komunitatea lantzeko helburuarekin antolatu du zineforuma. Zeinu-hizkuntzako interpretea egongo da parte hartzea ahalik eta irisgarriena izan dadin.

Gaur arratsaldean Juana Maciasen 'Las chicas de la estacion' filma emango dute Zarauzko Emakumeen Etxean, 18:30ean hasita. Ikus-entzunezkoen bidez gai sozial eta kultural desberdinak lantzeko helburuarekin antolatu du zineforum egitasmoa Emakumeen Mahaiak. 

Filmak Jara, Alex eta Mirandaren istorioa kontatzen du, adin txikikoen zentro batean hazi direnena. Ez dakite zer den baldintzarik gabeko maitasuna. Jararen urtebetetzea da, eta beraien trap queen gustukoenaren kontzertuan ospatu nahi dute. Dirua behar dute eta ez dute aukera handirik lortzeko. Beraiek baino zaharragoa den neska bat ezagutuko dute, beraien zentro berean egondakoa. Autobus geltokiko komunetan helduekin hitzorduak lortzen aritzen da, eta diru erraz pixka bat irabaztea eskainiko die.

Emanaldian zeinu-hizkuntzako interpretea egongo da, egitasmoaren parte-hartzea ahalik eta irisgarriena izan dadin. Pelikularen ondoren solasaldi laburra eskainiko da, ikusitakoaren inguruan iritziak, bizipenak eta gogoetak partekatzeko.

Emakumeen Mahaiak, zinemaren bidez pentsamendu kritikoa, elkarrizketa eta komunitatea indartzeko helburuarekin, Zarauzko herritarrei zineforumera hurbiltzeko gonbita luzatu die.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide