Nerea Loro: "14 eta 18 urte artekoen ia erdiak probatu du zigarreta elektronikoa"

Intza Trula 2026ko maiatzaren 27a

Nerea Loro psikologo eta osasun hezitzailea, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen aurrean. (Utzitakoa)

Zigarreta elektronikoen inguruko hitzaldia emango dute gaur, 18:00etan, Antoniano aretoan. Gailua erabiltzearen ondorioak ezagutu eta zalantzak argituko dituzte saioan.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko psikologo eta osasun hezitzailea da Nerea Loro (Donostia, 1998). Tabakoaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da igandean, hilaren 31n, eta egunarekin bat eginez, zigarro elektronikoen inguruko hitzaldia emango du gaur Lorok, 18:00etan, Antoniano aretoan. Azaldu duenez, tabako tradizionalaren kontsumoak behera egin du gazteengan, baina, aitzitik, nabarmen hazi da zigarreta elektronikoen erabilera adin tarte horretan. Osakidetzako kideek ere parte hartuko dute gaurko saioan.

Azkenaldian boladan daude zigarreta elektronikoak, bereziki gazteen artean. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko kide zaren aldetik, zer kezka sortzen dizu horrek?

Azken urte hauetan bereziki ikastetxeetan egin dugu lan, eta ikerketek hala diotela jakin arren, bertatik bertara egiaztatu ahal izan dugu gazteen artean zigarreta elektronikoen erabilerak gora egin duela. Hala eta guztiz ere, gehien harritu nauena da gazteek gailu horien inguruan duten ezjakintasuna. Ikastetxeetara joaten garenean eta ikasleekin hitz egiten dugunean, hasieran badirudi badakitela zertaz hitz egiten ari diren, gailuaren inguruan galdetzen diegunean zer den badakitela erantzuten digutelako, baina sakonean hitz egitean, sumatzen dugu ez dela horrela. Mito asko sinesten dituzte, eta ez dute benetako informazioaren berri. Hain justu, horretara joaten gara eskoletara: informazioa ematera, eta gaurko hitzaldiak ere helburu bera du.

Moda kontua al da? Duela urte batzuk, gazteek giroan sartzeko tabako eta zigarro konbentzionalak kontsumitzen zituzten. Orain gauza bera gertatzen al da elektronikoekin?

Presio soziala beti dago hor. Zigarro tradizionala erretzen hasten ziren gehienek ere horrexegatik egiten zuten, presioagatik. Hala eta guztiz ere, badago aldea; izan ere, zigarreta elektronikoak erretzen hasten direnak gero eta gazteagoak dira. LH 4. eta 5. mailetako ikasleengana joaten gara elkartetik, eta askok ezagutzen dute gailua. Beste batzuek, berriz, probatu dutela esaten digute. Zigarroen kontsumoak behera egin du gazteengan, eta hori gertatu da elektronikoak kontsumitzen hasi direlako. Hain justu, 2025eko Estudes ikerketak dio 14 eta 18 urte arteko gazteen %49,5ek erabili izan dutela zigarreta elektronikoa, eta zigarroa %22 inguruk.

Herritar batzuk konbentzituta daude zigarro konbentzionalak erretzea baino osasuntsuagoa dela zigarreta elektronikoa erretzea. Mito baten aurrean al gaude?

Hori gezurra da, noski. Gazte askok pentsatzen du ur lurruna besterik ez dagoela zigarreta elektroniko baten barruan, eta hein batean, ez dela hain gauza txarra. Kontua da saltzaileek ere horrela promozionatzen dutela produktua beraien webguneetan, eta sinestarazten digutela zigarro konbentzional bat baino produktu hobea dela. Bakoitzak bere erara, baina biek dituzte ondorio larriak.

Zein dira zigarreta elektroniko bat kontsumitzeak izan ditzakeen ondorio nagusiak?

Zigarreta elektroniko bat erretzen dugunean aerosola ari gara kontsumitzen, eta biriketako lesioak eragin ditzake horrek; esaterako, EVALI (E-cigarette or Vaping Product Use-Associated Lung Injury) izeneko gaixotasun bat ikusten ari gara azkenaldian. Biriketako lesio larri bat da, zigarreten erabilerak sortua. Halaber, sustantzia kimiko pila bat dituzte, baita metal astunak ere.

Zein lotura dago zigarreta bat erretzearen eta minbizi bat izatearen artean?

Minbizi mota ezberdinak eragin ditzakete bai zigarro konbentzionalek, bai elektronikoek, kea edota aerosola igarotzen den gorputz ataletan; ahoan, eztarrian edo biriketan, adibidez. Hala eta guztiz ere, elektronikoei dagokienez, ikertzeko asko dago oraindik, moda hau 2015. urtean hasi baitzen, eta informazio gutxi dago oraindik. EVALI gaixotasunak, adibidez, oraingoz ez du sendagairik. Zigarroei buruz gehiago dakigu, urteak daramatzatelako horiek gure inguruan.

Itxura erakargarria dute zigarreta elektronikoek. Arazoa areagotzen al du horrek?

Gazteek badakite edota entzun dute zapore gozoa dutela, eta zaporea, gainera, aukeratu dezaketela. Forma eta kolore deigarriz eginda daude, eta horrek garbi erakusten du gazteei zuzendutako produktu bat dela.

Nikotinadunak eta nikotinarik ez dutenak daude. Azken horiek ere kaltegarriak al dira osasunerako?

Gure elkartea saiatzen da helarazten nikotinarik gabeko zigarretena ez dela guztiz egia, ez direla existitzen, alegia. Horri lotutako ikerketak ere ari dira egiten. Existituko balira ere, zigarreta elektronikoen aerosolek, metal astunek eta beste sustantziek elementu toxikoak askatzen dituzte, eta horrek ere kalte handiak sorrarazten ditu gugan.

Administrazio publikoek neurri zorrotzagoak hartu beharko lituzketela uste al duzu?

Uste dut apurka-apurka ari direla egiten zertxobait gehiago. Urte batzuk atzera egiten badugu, egoera aldatu egin da: lehen, jendeak lanean, eskolan, zineman eta medikuarenean erretzen zuen, eta orain ez da horrelakorik gertatzen. Ikerketek aurrera egin ahala, legeek ere bide bera jarraituko dutela pentsatu nahi dut.

Zer egitura izango du gaurko saioak?

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak, Osakidetzak eta Zarauzko Udalak parte hartuko dugu gaurko hitzaldian. Saioa bereziki gurasoei edota irakasleei zuzenduta dago; hau da, gazteekin harreman gehien izan dezaketenei bideratuta, baina herritar oro izango da ongi etorria. Zigarro elektronikoen inguruko informazioa emango dugu, eta zer mota dauden aipatuko dugu. Kontsumitzeak izan ditzakeen ondorioez ere mintzatuko gara, noski, eta jendearen zalantzak ere argituko ditugu.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide