"Euskal errugbiaren festa" izango da Zarautzen larunbatean

Mireia Galarza Bastida 2026ko maiatzaren 26a

Rica, Illarramendi, LarraƱaga eta Imaz. (Mireia Galarza Bastida)

Zehazki, 2025-2026 denboraldiko Euskadiko Txapelketako finalak jokatuko dituzte Astin, eta egun osorako egitaraua prestatu dute horren bueltan. Fredy Lillyren eta Esteban Collantesen familiei omenaldia egingo diete egunean zehar. 

Errugbiak hitzordu garrantzitsua izango du asteburuan Zarautzen, Astiko zelaian jokatuko baitituzte larunbatean kirol horretako 2025-2026 denboraldiko Euskadiko Txapelketako finalak, hainbat taldetan banatuta. 10:00etan hasita, egun osoko jardunaldia izango da larunbatekoa.

Mikel Larrañaga Zarautz Rugby Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, hitzorduari gaztetxoenek emango diote hasiera, 16 urtez azpikoek, zehatzago esanda. Uribealdea eta Getxoko taldea leihatuko dira zelaian. Jarraian, 12:00 aldera, aurretik aipatutako talde horietako 18 urtez azpiko taldeen txanda izango da, eta hori amaitutakoan, 14:00etan, jardunaldi inklusiboa jokatuko dute. 15:30ean Gaztedi eta Gurea senior mailako nesken arteko partida izango da, baina horren aurretik izango da abagunea omenaldietarako ere.

14:30ean zelaiari Fredy Lilly izena jarriko dio ZKEko Errugbi taldeak, eta familiari omenaldia ere egingo diote. Izan ere, Lilly izan zen sail horretako lehen presidentea, eta 2019an zendu zen. Beste omenaldi berezi bat ere izango da 17:30ean, hain zuzen ere, Esteban Collantesi egingo diotena. Collantes Zarautz Kirol Elkarteko zuzendaria izan zen 2008tik iaz zendu zen arte. Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziaren hitzetan, "berezia" izango da larunbatekoa, bi omenduek "Zarauzko kirolaren alde lan asko" egin baitzuten. Amaitzeko, 18:00etan, senior mutilen finala jokatuko dute Elorrio eta Uni Bilbao taldeek. Gainera, Larrañagak gehitu du egun guztian zehar jan-edanerako aukera ere izango dela Astiko zelaiaren bueltan, eta sarrera doakoa izango dela, "edonork izan dezan errugbia ikusteko aukera".

Bere aldetik, Iñaki Rica Euskadiko Errugbiko Federazioko lehendariak "ilusioa" erakutsi du larunbateko hitzorduaren atarian, eta goraipatu egin du Zarautz Errugbi Elkartearen lana: "Azpiegitura paregabeak edukitzeaz gain, epe ertain eta luzera begira lan egiten dakien erreferentziazko taldea da Zarauzkoa". Larunbatekoa "euskal errugbiaren festa" izatea nahi dutela gehitu du Ricak. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide