Bihar egingo dute Fernando Maiztegiren Oroimenezko XLIII. Argazki Rallya

Enara Ariznabarreta 2026ko maiatzaren 23a

Argazki Rally bateko irudia. (Utzitakoa)

Parte hartzaileek bihar bertan eman beharko dute izena Zarauzko Argazkizale Elkartaren egoitzan, 09:00etatik 10:00etara.

Zarauzko Argazkizale Elkarteak antolatuta, Fernando Maiztegiren Oroimenezko XLIII. Argazki Rallya egingo dute bihar. Interesdunek Ebro Etxean eman beharko dute izena bihar bertan, 09:00etatik 10:00etara, 10 euroko inskripzioa eginez; 16 urtez azpikoek, berriz, ez dute ezer ordaindu beharko.

Gaiak rallya hasi aurretik zehaztuko dituzte. Bukaeran, partaide bakoitzak argazkizale elkartearen egoitzan aurkeztu beharko ditu bere argazkiak, 13:00etatik 14:00etara bitartean. Bakoitzak gehienez 36 argazki aurkezteko aukera izango du, lehen kontroleko argazkia barne, eta kalitate goreneko JPG formatuan egon beharko dira. Rally hasieran memoria txartelak hutsik egon beharko du, eta partaideek nahi bezain beste argazki ateratzeko aukera izango dute. Ezabaketa librea onartuko dute, baina argazkiak trukatzea guztiz debekatuta egongo da.

Ondoren, partaide bakoitzak gai bakoitzari buruz argazki bana aukeratu eta rallyzarautz2026@outlook.es posta elektronikora bidali beharko du maiatzaren 30a baino lehen.

Irabazleak 160 euro eta Andra Mari Zeruratzearen garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatuak, berriz, 130 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak, 100 euro eta garaikurra. Bestelako bi sari ere banatuko dituzte: rallyko argazki ederrena egiten duenak 80 euro jasoko ditu, eta 16 urtez azpiko lehen sailkatuak, garaikurra. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 19an egingo dute, Torre Luzea erakusketa aretoan. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide