Old Blacks Zarautz beteranoen futbol taldeak Ribadeoko txapelketa jokatuko du

Intza Trula 2026ko maiatzaren 22a

Old Blacks Zarautz beteranoen taldea, Astin. (Utzitakoa)

Gaur hasiko da beteranoen futbol txapelketa, Ribadeon (Galizia), eta igandera arte iraungo du. 88 taldek parte hartuko dute bertan; horiek, besteak beste, Mexikokoak, Argentinakoak, Brasilgoak, Irlandakoak, Frantziakoak eta Poloniakoak izango dira.

XX. Vila de Ribadeo beteranoen futbol txapelketari ekingo diote gaur, eta bertan parte hartuko du Zarauzko taldeak, Old Blacks taldeak. Gaurtik igandera bitartean jokatuko dituzte neurketak, eta, guztira, 88 talde ariko dira lehian.

Herrialde ezberdinetako taldeak bilduko ditu kirol hitzorduak; esaterako, Mexikoko, Argentinako, Brasilgo, Irlandako, Frantziako eta Poloniako taldeek parte hartuko dute. Ia bi mila jokalari izango dira guztira. 

Zarauzko beteranoen taldeak hamalau urte daramatza hango eta hemengo txapelketetan parte hartzen, baina estreinakoz lehiatuko da Ribadeon. Iker Basurko taldeko koordinatzailearen esanetan, "aspalditik buruan" zuten txapelketa da, baina aurten arte ezin izan dute joan. "Txapelketa gogor bati aurre egiteko behar den taldea bildu ahal izan dugu aurten", egin du azpimarra Basurkok.

Old Blacks Zarautz 45 urtetik gorako kategorian lehiatuko da, beste 22 talderekin batera. Madrilgo K-sitos, Mexikoko Nuevo Leon eta Castrillo del Val taldeak izango ditu aurkari.

Txapelketan bildutako dirua Ramon Grosso Fundazioari emango dio antolakuntzak. Real Madrileko futbolari ohiaren elkarte solidarioak bere egitekoarekin jarraitu ahal izateko. Elkartearen helburu nagusia da haur eta gazte zaurgarrien bizitza eraldatzea, hezkuntza eta kirola motibazio, hazkunde eta garapenerako tresna nagusi gisa erabiliz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide