Aitziber Luma: "Handinahikeria asko dago zinemaren industrian"

Enara Ariznabarreta 2026ko maiatzaren 22a

Aitziber Luma aktorea. (Utzitakoa)

Aitziber Luma (Zarautz, 1999) aktoreak proiektu berri baten entseguak hasi berri ditu Lisboan. Go!azen-en hasi zen eta produkzio handietara egin du jauzia, pixkanaka.

Azkenaldian ekoizpen handietara jauzia egin duzu; Kraken: el libro negro de las horas filmean aritu zara, esaterako. Zertan nabaritu duzu aldea?

Agian, neure buruari jarri diodan presioan. Proiektuak hedapen gehiago izango duela ohartzen zara eta exijentzia maila areagotu egiten da, nolabait. Ekoizpen handietan, zeure buruari eskatzen diozun maila handiagoa izaten da beti. Ekoizpen txikietan ere nik beti nahi izaten dut lana ondo egitea, baina ekoizpen handietan prozesua luzexeagoa izan ohi da, eta tresna eta baliabide gehiago izaten dituzu eskura. Nahiago ditut ekoizpen handiak.

Iruzurgilearen sindromea izatera iritsi al zara inoiz?

Ez, ez dut inoiz iruzurgilearen sindromerik izan. Denak berdinak garela ikusi dut. Nahiz eta aktore batzuek ibilbide luzeagoa edota ospe gehiago izan, haiekin hitz egiterakoan ohartzen zara beraiek ere badituztela segurtasun gabeziak eta beldurrak.

Ekoizpen handietara salto egiterakoan, industriako jendea Madrilera joan ohi da bizitzera. Aukera hori aztertu al duzu?

Duela pare bat urte Madrilen bizitzen egon nintzen, hamar hilabetez, eta oraintxe bertan ez dut beharrezkoa ikusten han egotea. Proiektu bat suertatzen zaidan bakoitzean bidaiatzen dut hara. Nahiago dut itsasoa eta mendia gertu edukitzea eta Zarautzen bizitzea. Euskaldunekin lan egiterakoan beste gertutasun eta etxekotasun bat sentitzen dut. Euskal Herritik ere eraiki daiteke aktore ibilbidea, noski, nahiz eta batzuetan mugitzeko beharra izaten den, pare bat hilabetez. Adibidez, Joseba Apaolaza Irunen [Gipuzkoa] bizi da, eta bizitza osoa darama Espainian proiektuak egiten. Beraz, joan-etorrian ibiltzeko aukera ere badago.

Erabat anonimoa izatetik, Euskal Herriko haur guztiek ezagutzera pasatu zinen. Nola kudeatzen da hori?

Zerbait progresiboa izan zen. Udako bideoklipa kaleratu zutenean, haurrak nire pertsonaiaren izenez deitzen hasi zitzaizkidan, eta orduan konturatu nintzen fenomenoaren tamainaz. Oraindik ez dut ikasi hori ondo kudeatzen. Ni jada ez nago Go!azen-en, baina haurrek denboraldi guztiak ikusten jarraitzen dute, eta oraindik ere astero umeren batek gelditzen nau kalean. Ez dakit oso ondo nola kudeatzen den hori. Ez naiz ospearen oso laguna, eta ezaguna izatearen fenomeno hori ez zait gustatzen. Ez dakit nire bizitzan zehar nola eramango dudan, baina lanketa bat dut aurretik.

Nolako esperientzia izan zen txikientzako istorio lesbiko bat irudikatzea?

Kristoren ohorea izan zen. Euskal Telebistako ekoizpenetan lehen bikote lesbikoa zela esan ziguten, eta gozamena izan zen. Bikote horri esker armairutik atera direla esanez etorri izan zaizkit neska gazte batzuk. Inguruan lagun homosexual asko ditut, eta niretzako oso naturala izan zen trama hura. Ez nuen zerbait garrantzitsua antzeztearen zama sentitu, oso erraz konektatu nuen istorioarekin eta ez nion hainbesteko garrantzirik eman.

Pixkanaka industrian barneratzen ari zara. Zer argi eta itzal aurkitu dituzu?

Egoa, handinahikeria asko ikusten da industrian. Jokaera horietan ez erortzen saiatzen naiz, baina denak egoaren jokora jolasten ari direnean. zaila egiten da. Bestalde, zinemak eta telesailek duten boterea asko gustatzen zait, ikusleen etxeetara iristeko, emozioak pizteko, hausnartzeko eta gizatasuna esnatzeko duten gaitasuna, esaterako.

Zure ametsak pixkanaka betetzen ari zara. Baduzu ametsik betetzeke?

Ez dut mugarik jartzen, denetik probatzeko gogoa dut. Nire aktore ibilbidea duela gutxi hasi da eta ate asko ireki nahi ditut. Egia da proiektu komertzialak egiteak gehiago ezagutarazten zaituela. Jende gehiagok ikusten bazaitu, jarraitzaile gehiago izango dituzu eta leku gehiagotara iritsiko zara. Dena den, zinema independentea gehiago gustatzen zait. Denetik egin nahi dut, baina etorkizunera begira, nahiago dut proiektu txikiagoak egitea.

Gaur egun aktore asko badira influencer ere...

Sare sozialekin eta Instagramekin etsia hartuta nago oso, ez zaizkit batere gustatzen. Sare sozialak edukitzera behartuta sentitzen naiz, baina behin baino gehiagotan pentsatu izan dut nire kontuak ezabatzea. Inguruko aktoreren batek esan izan dit: "Casting bateko azken fasean nengoen, ni eta beste aktore baten artean hautatu behar zuten, eta nola besteak hamar mila jarraitzaile gehiago zituen, hura hartu zuten".

Badirudi gure sare sozialak erakusleiho gisa erabiltzeko nolabaiteko obligazioa daukagula. Sekulako nagia ematen dit horrek, baina aktore lanerako oso beharrezkoa dela sentitzen dut, batez ere ezaguna ez zarenean. Adibidez, Patricia Lopez Arnaizek ez dauka Instagram konturik, eta proiektuetarako deitzen diote. Hori izena duelako da, baina izena izan arte, sareen esklabo gara.

Ezetz esateko askatasunik sentitzen al duzu?

Pare bat aldiz gertatu izan zait proiekturen bat egin nahi ez izatea eta baietz esatera behartuta sentitzea. Azkenean, gure lana da, eta etxeko fakturak ordaindu egin behar ditugu. Ezegonkortasuna lan honen parte da. Nahiko ondo daramat, denbora librea ondo kudeatzen dakidalako, baina egia da antsietate puntu bat beti dagoela hor. Lan bat bukatzen duzu, eta askotan, ez dakizu hurrengoa noiz izango den. Ez soilik hiru hilabete, batzuetan urtebete ere pasatzen da, eta ez duzu ezer lortzen. Beraz, antsietate hori kudeatzen asmatu egin behar da.

Joan den igandean filmaketa berri batekin hasi zinen. Gehiegi kontatu gabe, zerbait aurreratu al dezakezu?

Lisboan nago oraintxe bertan, eta egingo dudan filmaren entseguekin hasi berri gara. Portugesez da pelikula, eta egia esan, pixka bat galduta nabil. Mundu guztiak portugesez hitz egiten du, eta pentsatzen nuen gaztelaniaren nahiko antzekoa izango zela, baina ez da; batez ere, azkar hitz egiten dutenean. Krabelinen Iraultzari buruzko filma da, 1974an Portugalen diktadura bukatu zeneko gau haren ingurukoa. Oso ilusionatuta nago, gaia oso polita da, nire pertsonaia pila bat gustatzen zait eta gainontzeko aktoreekin oso gustura sentitzen ari naiz. Oso momentu onean nago, oso pozik. Gora begira nabil, nire ibilbidea goraka joango dela uste dut, parabola baten modura. Dudan bizitzarekin oso eskertuta eta oso-oso ilusionatuta nago.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide