Garai honetan asko entzuten dugun esaldi bat: "Sagardotegia daukat". Eta bai, posible da hori egia izatea, zorionekoa zu, sagastia handia al da, sagardo asko egiten al duzue, ea egunen batean bisitan joaten garen eta abar. Baina ez, normalean, ulertzen dugu esaldi horrek beste zerbait esan nahi duela, alegia, zapatuan bazkaria daukat sagardotegian, ba ondo bazkaldu, nora zoazte, ea zer moduzkoa sagardoa, hobe duzue patrika ondo beteta eraman eta abar.
Gero eta gehiagotan pasatzen zaigu, edo behintzat askotan: gaztelaniaz jakin behar euskaraz ulertzeko. Oro har, kolonialismo kultural eta linguistiko basatiaren ondorioa. Seguru asko zaila izango da kontuari buelta ematea, baina behintzat konturatzen saia gaitezke.
Orain gutxi ETBONen iragarki bat entzun dut: "Zerbait galdu baduzu, baduzu non ikusi". Zer arraio esaten ari zara? Zerbait galdu bazait, ez dakit non dagoen: hori da zerbait galtzea. Esaldi horrek ez dauka ez hanka ez buru, sumatzen duzun arte "galdu" horren azpian dagoena gaztelaniazko "si te has perdido algo" dela. Eta hala dabil gure burmuina, hori bai perdido eta galduta, kolonizatuta, euskaraz ari denean ere gaztelaniaz egitera behartua...
Zentzu horretan, asko gustatzen zait Irene Arrarats zuzentzaile eta euskaltzainak esan izan duen gauza bat: euskara batuak euskara den guztia onartzen du. Esate baterako, "trena aterako da" ondo esana dago, "trena irtengo da" ere bai, eta baita "trenak irtengo du" ere. Aldiz, "trenak bere irteera burutuko du" aldrebeskeria bat da, eta batez ere ia ez da euskara ere.
Eta azkena: nahikoa da bota-rekin, demontre! Eta ETBko eguraldi master klase horietan are gehiago: euskaraz euria egin egiten du! Txortan ere egin egiten dugu euskaldunok (egiten dutenek diotenez), eta barreak, negarrak, bizarra, txixak, siesta eta bazkaria ere egin egiten ditugu. Egin! L@s vasc@s hacen cosas. Igual euskaldunen zuhurtasuna edo zuhurkeria izango da, baina guk, bota, gutxi. Ezta puzkerrik ere ia: "Baina nik badaezpada egin dut puzkerra!".