Gutuna

Eredurik ez Modelon

Aritz Pardina 2026ko maiatzaren 19a

Modelon jarritako euskarazko sinopsietako bat. (Aritz Pardina)

Ondorengo gutuna helarazi du Aritz Pardinak Zarautz Gukara, Modelo aretoan ematen dituzten filmeen inguruko sinopsien euskara mailaz kezkatuta.

Espainian biziko bagina, zer esango genuke gure herriko zinema aretoan sinopsiak behin eta berriz gaztelaniaz gaizki idatziko balituzte? Imajinatzen al duzue astez aste akatsez betetako testuak argitaratzen dituen aretorik? Ez, noski. Baina lasai: Zarautzen ez da horrelakorik gertatzen; gurean euskarazko testuak dira gaizki idazten dituztenak.

Aitortu behar dut azkenaldian beldurrez inguratzen naizela Modelo aretora. Izan ere, filmen batek atentzioa emanda afixategira gerturatu naizenetan, sarritan ikusi ditut begietan eta bihotzean min ematen duten idazkerak. Fikziozko istorioekin nahikoa ez, eta badirudi gure hizkuntzarentzat ere arau berriak imajinatu beharrean gaudela.

Esaterako, Modelon irakur dezakegu: “Oscar Restrepo poetak ez da (…) maila mantentzeko gai izan”; hala ere, argituko digute “ahala moduz” bizitza aurrera ateratzen duela. Hona beste harribitxi bat: “Klaseko kide guztiak, bat izan ezik, gau berean eta ordu berean misteriotsu desagertzen da”. Jarrai nezake, baina uste dut horrekin nahikoa dela arazoaren neurria ikusteko.

Gauzak horrela, Zarauzko Udaleko kultur sailari eskatu nahi diot berma dezala gutxieneko euskara-maila herriko kultur aretoetan. Izan ere, alor publikoan hizkuntza ez zaintzeak kalte handia egiten dio normalizazioari. Hain zuzen ere, euskarazko testuen kalitate eskasarekin gogaituta, neronek ere askotan jo izan dut gaztelaniazko bertsiora. Hori ulergarria litzateke Espainian biziko bagina; ez, ordea, Zarautz bezalako herri euskaldun batean. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide