Mikel Jauregi: "Industriako lanpostuak nahi dituzte gure seme-alabek, ez pintxo-potekoak"

Irune Lasa ('Berria' egunkaria) 2026ko maiatzaren 19a

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua. (Irekia.eus)

Euskal industriarentzako abagune historikoan elkarrekin eta diskrezioz egindako harreman eta elkarlana onetsi ditu Mikel Jauregi Jaurlaritzako Industria sailburuak. Sinetsita dago industriaren aldeko borroka dela ongizatea bermatzeko bide bakarra.

Bi urte beteko dira Mikel Jauregi (Zarautz, Gipuzkoa, 1974) Londrestik itzuli zenetik Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu postua hartzera eta gaztelera herdoildua berrerabili behar izan zuenetik. Egun horietan Pedro Miguel Etxenikek esandakoa ekarri du gogora: «Begira ni Garaikoetxearekin sailburu sartu nintzenean, eta begira orain: sailburu bat ikusten dut ingelesez eta euskaraz askoz trebeago gazteleraz baino; euskaldun bezala nire amets bat bete da».

Orduz geroztik, galtzak bete lan aritu da; gaztelera olioztatu du Jauregik, eta euskara eta ingelesa zorroztu, hitzaldi publikoetarako eta harreman eta negoziazio diskretuetarako.

Legealdi honen erdira iritsiko gara ekainean, baina zure izendapena ustekabekoa izan zen nolabait. Nola izan da enpresaren mundutik arlo publikorako jauzia, eta horrek dakarren esposizio publikoa?

Guztientzako izan zen ustekabea, baita niretzat ere. Eta bai, izugarrizko aldaketa izan da: enpresa mundutik nator, eta, gainera, ibilbide profesional guztia atzerrian egin dut. Jauzia handia da politikara eta mundu publikora, eta hor badago alde txiki bat, non esposizio publikoa, komunikabideak, sare sozialak, ika-mika publikoak kudeatu behar dituzun.

Baina beste alde handiarekin geratzen naiz: aukera bat zure herriaren alde lan bat egiteko eta legatu bat utzi ahal izateko. Herrigintzan sinesten duen pertsona bat naiz. Gainera, garai kritiko batean gaude; hori esan zidan lehendakariak sailburu izateko eskatu zidanean, garai historiko honetan izugarrizko eraldaketak izan direla mundu digitalean eta trantsizio energetikoan, eta ziurgabetasun geopolitikoa ere badela.

Bi urteotan denetik gertatu da, eta, besteak beste, aipatu duzun gatazka geopolitikoak dira Tubos Reunidosen egoeraren kausetako bat. Zein da zure iritzia enpresaren etorkizunaz?

Tubos Reunidosek urte askotan izan du egoera delikatua, zorra handitzen eta handitzen. Horregatik COVIDaren osteko SEPIren 112 milioi euroko mailegua. Orain enpresak bi kolpe jasan ditu. Batetik, Trumpen muga zergena, fakturazioaren erdia galtzea ekarri diona, izugarrizko zaplaztekoa; eta, bestetik, energia garestiak jipoi handia eman dio, siderurgiaren sektore guztiari bezala.

Zorra enpresaren balioaren halako bost izatea oztopoa izan da inbertitzaile berriak ekartzeko, eta SEPIk esan zuen zorra ez zuela murriztuko, ez zuelako legezko tresnarik hori egiteko. Orain, konkurtsoarekin, hori aldatu da, orain badago modua, eta ikusiko dugu epaileak eta administratzaileek zer pauso ematen dituzten.

Bigarrenik, inbertitzaileek esaten zuten nonbaiten sartzekotan bake soziala zuen proiektu batean sartuko zirela. Eta grebarekin ez da baldintza hori betetzen. Ikusiko dugu bihar zer gertatzen den [elkarrizketa hau ostegunean egin zen, eta ostiralean bukatu zen greba Tubos Reunidosen].

 

Badaude inbertitzaileak?

Azaldu dira, interesa badago, orain konkurtsoak laguntzen du, baina ez dago proposamenik. Orain etorkizuneko proiektu sendo bat behar dugu. Hori iritsi bitartean guztion artean lortu behar dugu jarduera mantentzea. Espero dugu tirabirak konponduko direla, lan kargari aurre egingo diola eta diru sarrera batzuk bermatzeko gai izango dela epe motz honetan langileen nominak ordaintzeko.

Guardianen eta Glavistaren inbertitzailea [VSF eta Gaviota] badatorrela ari zarete... Baduzue eperik?

Esan egin zen filtrazio bat egon zelako, gero baieztatu zena. Eta diskrezioa eskatzera atera ginen, oso akordio konplexua baita. Oinarri asko daude lotzeko, eta asko itxi dira, baina egoera oso judizializatuta dago, eta abokatuen armada daukagu hor, elkarri laguntzen.

Apustuez ari garela, Talgo Euskal Herrira ekarri duzue. Titular horrekin gustura egongo zara, ezta?

Bai, bueno. Epe motzera begira, arriskua zegoen hungariar batzuek Talgo erosteko eta Ribabellosako lantegia galtzeko. Luzera begira, gogoratzen gara ETArekin Talgoren erabakigunea Madrilera joan zela. Guretzat izugarri garrantzitsua zen herri honetatik inoiz joan behar ez zuen zerbait hona itzultzea. Eta gainera Talgok teknologia propioa du.

Elkarrizketa osoa Berria.eus atari digitalean irakurri daiteke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide