"Basakerien" historia luzearen aurkako lekukotasunak

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 18a

'Militarismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokak: Zarauzko testigantza batzuk' erakusketa zabaldu dute Zarauzmo Merkatu Plazan. Datorren asteburura arte izango da ikusgai mostra.

Urola Kostako Kontseilu Sozialistaren ekimenez, Militarismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokak: Zarauzko testigantza batzuk erakusketa zabaldu du Merkatu Plazako lehen solairuan. Antolatzaileen hitzetan, inperialismoaren eta militarismoaren "basakeriek" historia luzea dute, baita horien aurkako borrokek eta esperientziek. "Garrantzia handia ematen diogu memoriari, gogoratzea gure aurretik Euskal Herrian eta bereziki Zarautzen langile mugimenduak eta herriko beste sektoreek eginiko borroka. Haiek eginikoa ez ahazteko. Borroka horiei irakaspen handia atera diezaiekegu", aditzera eman zuten joan den ostiralean, erakusketaren irekiera ekitaldian.

Hiru zatitan banatu dute erakusketa: NATOren aurkako borroka eta "mendebaldeko inperialismoaren egitura militarraren" kontra eginiko ekintzak; militarismoaren aurka Zarautzen 90eko hamardakan izan zen mugimendua eta ekimen internazionalista mugatu batzuk, hala nola herrian garatu zen proiektu bat Nikaraguan aroztegi bat sortzeko edo Palestinara eginiko Biladi Hadi brigada kulturala, non hainbat zarauztarrek hartu zuten parte.

Aurkezpen saioan "militarismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokan" aritutako hainbat herritarrek hartu zuten parte, gonbidatu gisa, haien testigantzak partekatuz. Hala, Mikel Elorzak, Julen Zulaikak, Hodei Iruretagoienak eta Ezkerrak erakusketak jasotzen dituen gaiak xehetu zituzten haien bizipenetatik. Mostra datorren asteburura arte izango da ikusgai, eta honako ordutegia izango du: asteartetik ostiralera, 18:30etatik 20:30era, eta asteburuetan 11:30etik 13:30era eta 18:30etik 20:30era.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide