Ostegun honetan iritsiko da Mendi Tour emanaldi ibiltaria Zarautzera

Enara Ariznabarreta 2026ko maiatzaren 18a

K2 Mon Amour filma. (Benjamin Vedrines)

Mendi Tour emanaldi ibiltariaren hamargarren edizioa egingo dute maiatzaren 21ean eta 28an, Modelo aretoan. Bertan, Bilbo Mendi Film jaialdiko azken edizioan nabarmendutako bost pelikula dokumental eskainiko dituzte.

Bilboko Mendi Film mendiko zinemaren jaialdiko azken edizioan nabarmendutako bost pelikula dokumental proiektatuko dituzte Modelo aretoan. Mendi Tour jaialdiaren barruan izango da, Pagoeta Mendizale Elkarteak eta Mendi Film jaialdiak antolatuta, eta lehen saioa ostegun honetan izango, eta bigarrena maiatzaren 28an.

Ostegunean, Julen Elorzaren Cantos y Flores filma eta Dawn Kishen Old Man Lightning eskainiko dituzte, eta maiatzaren 28an, Nagore Eceizaren Izarren zaunka, Pierre Cadoten Le Moulin des Artistes, eta Mathieu Rivoireren K2 Mon Amour.

Bi saioak 19:00etan hasiko dira, eta sarrerak 5 euro balioko ditu. Pelikulak jatorrizko bertsioetan eskainiko dituzte —euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa— Mendi Filmek sortutako azpitituluekin lagunduta. Pagoeta Mendizale Elkarteak eta Zarauzko Udalak babesten dute Modelon egingo den Mendi Tourra.

Eskainiko direnak mendiko zinemagintzako puntako pelikulak dira, alpinismoa, trail running-a, eskalada, eskia eta parapentea oinarri, eta jomuga ikusgarriak dituztenak: Karakorumgo K2, Boliviako seimilakoak, Alpeak, Yosemite, eta baita Txindoki bezalako gertuko paradisuak ere, besteak beste.

Nabarmendutako bost pelikulek honako sari hauek jaso dituzte: Mendiko Film Onena K2 Mon Amour filmak; Eskaladako Film Onena Old Man Lightning filmak; Kirol eta Abentura Film Onena Cantos y Flores filmak; EITB Euskarazko Film Onena Izarren zaunka filmak; eta Film Labur Onena Le Moulin des Artistes filmak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide