Zazpigarren egin du Usoa Ostolazak Euskal Herriko Itzulian

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 17a

Usoa Ostolaza, eskuinean, Yuliia Biriukova taldekidearen atzetik. (Laboral Kutxa)

Gaur amaitu dute emakumeen aurtengo Euskal Herriko Itzulia, eta Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarra etapa irabaztetik hurbil egon da. Sailkapen orokorrean zazpigarren amaitu, irabazle Mischa Bredewoldengandik 43 segundotara.

Gaur jokatu dute emakumeen Euskal Herriko Itzuliaren aurtengo aldiko hirugarren eta azken etapa. Donostian hasi eta Donostian amaitu dute gaurko saioa. Guztira, 113 kilometroko bidea egin dute Gipuzkoan zehar, eta une batean eskualdetik ere igaro da. 

Aginagatik barrena, heldu dira txirrindulariak Orioko lurretara. Txirrindulariak ez dira herrigunean sartu. Aldiz, Anibarko portuko saihesbidera heltzean, ezkerretarako bidea hartu eta maldan joan dira Mendizorrotzeko mendatera heltzeko. Handik Igeldora jarraitu dute, eta aldapan behera eginda Donostiara itzuli dira. Etapa esprintean erabaki da, eta Laboral Kutxa taldeko Usoa Ostolaza garaipena lortzetik hurbil egon da: laugarren egin du zarauztarrak, etapa irabazi duen Dominika Wlodarczyk (UAE) poloniarraren denbora berean. 

Sailkapen orokorrean zazpigarren postuan kokatu da Ostolaza, Itzulia irabazi duen Mischa Bredewold (Team SD Worx) herbeheretarrarengandik 43 segundora. Puntutako sailkapenean laugarren amaitu du Ostolazak, eta postu bera lortu du bere taldeak, Laboral Kutxak, taldekako sailkapenean. 

Itzuliak eduki dituen hiru etapak lehen postuetan amaitu ditu Ostolazak: zazpigarren izan zen bere jaioterrian jokatutako etapan, seigarren Abadiño eta Amorebieta-Etxanoren artean jokatutako bigarrenean, eta laugarren gaurkoan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide