Txistu doinuekin agurtu dituzte Santa Marina jaiak

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 17a

Iritsi dira udaberriko jai kutunak, eta aurten, Goizeko Ihintza txistulariek izan dute bandera igotzeko ardura. Ondoren, beraiek jarri dute festa giroa auzoan. Arratsaldean, Apaxi ipuin kontalaria, moto eta patinete lasterketak, entzierro txikia eta txokolatada izango dira.

Lehertu da festa Santa Marinan. Eguraldia lagun, merkatu Plazatik hasi eta izen bereko ermitaraino, kalez kale ibili dira gaur goizean herritarrak, txistularien eta erraldoien laguntzarekin, udaberriko jai kutunen hasiera ospatzen. Eguerdian bota dute txupina, eta aurten Goizeko Ihintza txistulari taldea arduratu da bandera igotzeaz, Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolariak bertso bana eskaini ondoren. Taldearen ordezkaritzan igo dira balkoira Jose Ignacio Elias eta Alejandro Egurbide, festei merezitako ongietorria ematera. 

Txupina gaur jaurti duten arren, ostiraletik festa giroan murgilduta daude Santa Marinan. Hain justu, urteroko pilota txapelketarekin estreinatu dute aurtengo egitaraua, baita Elektrotxuflaren 10 urteko ibilbidea omenduz ere. Atzo, berriz, mus txapelketak eta Slow Times Blues Band taldearen emanaldiak hainbat lagun erakarri zituen auzora. Datorren asteburuan izango dute jarraipena festek eta egitarau oparoa prestatu dute horretarako, eta gaurko eguna amaitu baina lehen, beste hainbat jarduera antolatu dituzte gaztetxoentzat:

  • 17:00. Apaxi ipuin kontalaria haurrentzat.
  • Jarraian, XVII. Moto eta patinete karrerak 6 urte bitarteko haurrentzat (bakoitzak bere motorra edo patinetea ekarri behar du). Parte hartzaile guztien artean Meitai Maitiek oparitutako 4 Life Faktory botila zozketatuko dira.
  • Ondoren, entzierro txikia kalean zehar.
  • Amaieran, txokolatea banatuko da eta buruhandiak ibiliko dira kalean zehar.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide