Gaur maiatzaren 17a da, lesbofobia, homofobia, transfobia eta bifobiaren –LGTBIfobiaren– aurkako Nazioarteko Eguna, hau da, LGTBI pertsonentzako gorrotoaren, errepresioaren, aniztasun afektibo-sexualaren eta generoaren aurkako indarkeriaren adierazpen ororen aurkako eguna. Zarauzko Udaleko alderdi politiko guztiek, beste urte batez, pertsona guztien eskubideen defentsarekiko duen konpromiso irmoa erakutsi dute, eta hori horrela, adierazpen bateratua argitaratu dute.
Hona hemen LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira udalak onartutako adierazpen instituzionala:
"1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuen. Mugarri garrantzitsua izan zen, izan ere, LGTBI pertsonen eskubideen aitortzan urrats erabakigarria ekarri zuen. 2005etik, egun hau LGTBIfobiaren aurkako borrokarako eguna bihurtu da. Urte hauetan, hainbat aurrerapen egin dira lege- eta gizarte-esparruetan, eta horren ondorioz, babes handiagoa eta aitortza handiagoa eman zaio sexu- eta genero-aniztasunak dakarren aberastasunari.
Ikuspegik argitaratutako azken inkestan ("Diskriminazioaren inguruko pertzepzioak eta jarrerak Euskadin (EPADE) 2025") islatzen da euskal herritarrek aniztasunaren aldeko jarrera dutela gehienbat. Zehazki, EAEko pertsonen % 77,8k dio nahiago duela askotariko gizarte batean bizi. Hala ere, aurrerapen horiek oraindik ere kezkagarriak diren errealitateekin talka egiten dute. Azken datuek erakusten dute diskriminazioak bere horretan dirauela. Zehazki, Euskadin, biztanleen %15 inguruk adierazi du azken urtean diskriminazioren bat pairatu duela. Egoera horien %76 baino gehiago ez dira salatzen, eta horrek zuzenean eragiten die LGTBI pertsonei.
Zenbait kolektibok, hala nola trans pertsonek, lesbianek, adinekoek, arrazistek edo desgaituek, zailtasun handiagoak dituzte oraindik askatasunez eta berdintasunez bizitzeko. Kasu askotan, gainera, egoera horiek areagotu egiten dira diskriminazio-faktore desberdinen konbinazioaren ondorioz. Errealitate horien aurrean, erantzun espezifikoak eta egokituak eman behar dira. Azken urteotan gorroto-diskurtsoek eta espazio publikoetan gertatzen ari diren erasoek gora egin dute, eta horrek agerian uzten du, urratsak ematen ari diren arren, benetako berdintasuna oraindik ez dela lortu.
LGTBI pertsonen eskubideak defendatzea giza eskubideak defendatzea da. Aniztasuna bermatzea, diskriminazioari aurre egitea eta ingurune seguru eta errespetuzkoak eraikitzea da. Izan ere, gizarte bidezkoago, anitzago, inklusiboago eta berdinzaleago bat eraiki ahal izateko, ezinbestekoa da pertsona oro askatasunez, ikusgarritasunez eta eskubide guztiekin bizitzea.
Zarauzko Udalak beste behin berretsi du pertsona guztien eskubideen defentsarekiko duen konpromiso irmoa, salbuespenik gabe".