Hargoi enpresari hilerriko lau langileak subrogatzeko eskatu dio ELAk

Julene Frantzesena 2026ko maiatzaren 15a

Zarauzko hilerriaren ataria.

Landarri enpresak hilerria kudeatzeko zuen kontratua amaituta, Zarauzko Udalak Hargoi enpresari esleitu dio zerbitzua, baina enpresa horrek ez ditu hango lau langileak subrogatu. Langile horiek "erabateko" ziurgabetasun egoeran direla eta, Hargoiri langileak subrogatzeko eta Zarauzko Udalari enpresa hori horretara behartzeko eskatu dio ELAk.

Zarauzko hilerriko langileek bizi duten "babesgabetasun egoera" salatu du ELA sindikatuak. Sindikatuak azaldu duenez, Landarri enpresak kudeatzen zuen oraintsu arte zerbitzu hori, baina Hargoi enpresaren eskuetan da orain, eta enpresa horrek uko egin dio gaur egungo lantaldea subrogatzeari. Lau behargin aritzen dira Zarauzko hilerrian lanean, eta uneotan horiek bizi duten ziurgabetasuna "erabatekoa" dela azaldu du ELAk.

Sindikatuak gogorarazi du subrogazioa ez dela aukera bat, betebeharra eta langileen eskubidea baizik. Izan ere, langile horien egonkortasuna bermatu beharra dagoela ohartarazi du, lehenago ere subrogatuak izan direlako eta udalerriarentzat funtsezkoa den lana egiten dutelako. Dena den, orain zerbitzua kudeatzen duen Hargoi enpresak, hitzarmenak subrogazioa gauzatzera behartzen ez duela eta, erantzukizunari "ihes" egin diola salatu du ELAk. 

Halaber, Landarri enpresari egotzi dio lantaldeari kalte ordainik eman ez izana, enpresa berriarekin lanean segitu behar dutela uste duelako, eta Zarauzko Udalarengan ere jarri du fokua sindikatuak. "Enpresa berria subrogazioa betetzera behartu behar du, lau langile horiek beren lanpostuetan eskubide guztiekin jarraituko dutela bermatzeko", gaineratu du. Udalari, gainera, erantzukizun politikoa eta teknikoa bere gain hartzeko eskatu dio, eta berehala esku hartzeko nahiz Hargoi enpresa subrogazio eskubidea betetzera behartzeko ere bai.

Gainera, ELAk esan du ez duela enpresa gatazka lau langileen kaleratzeekin amaitzerik onartuko, eta langileen eskubideak berma daitezen bide judizialera joko duela iragarri du. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide