Zarauzko malekoitik abiatu da Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliaren lehen etapa, haizeari eta euriari aurre eginez. Jende ugari bildu da Dama inguruko zabalgunean txirrindulariak bertatik bertara ikusteko eta animatzeko. 10:15ean hartu dute irteera parte hartzaileek, eta Nafarroa kalea zeharkatuta, kostako errepidetik Getaria alderantz jo dute.
Aurretik, ordea, atzo arratsaldean bezala, talde guztien aurkezpen txiki bat egin dute, eta batik bat ikusmin berezia sortu du Labora Kutxa Taldeak eta Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarrak. Etxeko kirolaria jendaurrera agertu denean herritarrek txaloka eta oihuka hartu dute, eta Ostolazak hunkituta eskertu du bertaratu direnen babesa.
Gaurko ibilbideak 121,3 kilometroko distantzia izango du, 2.400 metroko desnibel positiboarekin. Eskualdeko hainbat herritatik igaroko da tropela: Getaria, Zumaia, Azpeitia, Azkoitia eta Aizarnazabal. Lehenengo txirrindulariak eguerdi aldera iritsiko dira Zarautzera, Inurritzan egokitu duten helmugara; 13:30 inguruan izango dela aurreikusi dute antolatzaileek.