Fernando Maiztegiren Oroimenezko XLIII. Argazki Rallya egingo dute maiatzaren 24an

Enara Ariznabarreta 2026ko maiatzaren 16a

Argazki Rally bateko irudia. (Utzitakoa)

Parte hartzaileek egunean bertan eman beharko dute izena Zarauzko Argazkizale Elkartaren egoitzan, 09:00etatik 10:00etara.

Zarauzko Argazkizale Elkarteak antolatutako Fernando Maiztegiren Oroimenezko XLIII. Argazki Rallya maiatzaren 24an egingo dute. Parte hartu nahi dutenek elkarteak Ebro etxean duen egoitzan eman beharko dute izena egunean bertan, 09:00etatik 10:00etara. Izen-ematearen prezioa 10 eurokoa izango da, eta 16 urtez azpikoek, berriz, ez dute ezer ordaindu beharko.

Gaiak rallya hasi aurretik zehaztuko dira. Bukaeran, partaide bakoitzak argazkizale elkartearen egoitzan aurkeztu beharko ditu bere argazkiak, 13:00etatik 14:00etara bitartean. Bakoitzak gehienez 36 argazki aurkezteko aukera izango du, lehen kontroleko argazkia barne, eta kalitate goreneko JPG formatuan egon beharko dira. Rally hasieran memoria txartelak hutsik egon beharko du, eta partaideek nahi bezain beste argazki ateratzeko aukera izango dute. Ezabaketa librea onartuko dute, baina argazkiak trukatzea guztiz debekatuta egongo da.

Ondoren, partaide bakoitzak gai bakoitzari buruz argazki bana aukeratu eta rallyzarautz2026@outlook.es posta elektronikora bidali beharko du maiatzaren 30a baino lehen.

Irabazleak 160 euro eta Andra Mari Zeruratzearen garaikurra jasoko ditu; bigarren sailkatuak, berriz, 130 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak, 100 euro eta garaikurra. Bestelako bi sari ere banatuko dituzte: rallyko argazki ederrena egiten duenak 80 euro jasoko ditu, eta 16 urtez azpiko lehen sailkatuak, garaikurra. Sari banaketa ekitaldia ekainaren 19an egingo dute, Torre Luzea erakusketa aretoan.

Saritutako argazkiak antolatzaileen esku geratuko dira, eta hauek argitaratzeko eskubidea edukiko dute, betiere egilearen lana aitortuz. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide