Udaberriko Bola eta Toka Txapelketaren bigarren fasea eta finala jokatuko dituzte etzi, Zelai Ondo auzoko bolatokian. Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioak eta Zelai Ondoko Bol&Tok Kirol Klubak elkarlanean antolatu dute txapelketa, eta oraingo honetan, formatu berritzaile bat garatuko dute lehian zehar.
Jardunaldiak 08:30ean hasiko dira, eta lehen fasean 24 bolari lehiatuko dira. Berdinketa egonez gero, probako puntuazioa eta lehen faseko puntuazioa hartuko dira kontuan. 24 bolarietatik zortzi onenak sailkatuko dira hurrengo fasera, eta Ategorrietako aurreko tiraldian sailkatutako beste zortzien aurka jokatuko dituzte final-hamaseirenak. Jardunaldiak aurrera jarraituko du final-zortzirenekin, final-laurdenekin, finalerdiekin eta finalarekin.
Finala zortzi bolatara jokatuko dute, probarik gabe. Puntuazio altuena eskuratzen duenak irabaziko du, eta berdinketa baldin bada, lau bola gehigarri jokatuko dituzte.
Zelai Ondoko Bol&Tok Kirol Klubeko bolari Sergio Aristi lehen zortzien artean dago kokatuta, eta beste zazpi kide lehen kanporaketa jokatzeko 24 horien artean lehiatuko dira. Klubak zorte ona opa die bolari guztiei, eta zarauztar bolarien sailkapen zabalarekin, horietakoren bat finalean izatea espero du.