60 urte lehen alea jarri zutenetik

Mireia Galarza Bastida 2026ko maiatzaren 17a

Koldo Egiazabal eta Jexux Mari Gabilondo, banku batean eserita. (Mireia Galarza Bastida)

Kirol garrantzitsua da egun eskubaloia Zarautzen, eta dozenaka kirolarik osatzen dute taldea. Ez da, ordea, beti horrela izan. Hasierez, bizitako anekdotez nahiz belaunaldi berriez hitz egin dute Koldo Egiazabalek eta Jexux Mari Gabilondok. Apirileko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

1966. urtea zen. Artean, 16 eta 17 urte zituzten, hurrenez hurren, Jexuxmari Gabilondok (Zarautz, 1950) eta Koldo Egiazabalek (Zarautz, 1949). Beste garai batzuk ziren, eta gaur egun duen indarra eta babesa ikusita ezinezkoa badirudi ere, orduan ez zegoen eskubaloi talderik herrian. Egun loratuta dagoen zuhaitza ereiten, ordea, duela 60 urte hasi ziren, Donostian eskubaloia jokatzen zuen Zarauzko kuadrilla bat Gabilondo, Egiazabal eta beste batzuengana gerturatu zenean, denek batera jubenilen taldea sortzeko asmotan. "Mutil handiak ginen, eta ez genuen futbolerako balio", dio Egiazabalek. Biek diotenez, proposamena jaso zutenean jakin ere ez zekiten zer zen eskubaloia, telebistarik ez zenez, ez zutelako inoiz kirol hori ikusi. "Bik bakarrik jokatu zuten aurrez eskubaloian, beste inork ez", esan du Gabilondok. Hamaika mutilek osatu zuten lehen talde hura: Pako Larrañagak, Jose Mari Aranburuk, Enrike Mendezek, Santi Irastorzak, Eloy Zarauzek, Jose Ramon Lazkanok, Juanjo Iruretagoienak, Pako Sorreluzek, Jose Ignacio Agirrek eta bi elkarrizketatuek. Itsu-itsuan hasi zuten denboraldia, baina baita "oso xelebre ere". Izan ere, kirol ekipamendurik ez zuten, eta futboleko taldearen arropa erabili behar izan zuten hasieran. "Saskibaloi taldea ere orduan sortu zuten, eta haiei bai, haiei ekipamendu berri-berria eskaini zieten", kontatu du Gabilondok barrez eta erdi txantxetan.

Jantziez gain, eskubaloi kantxarik ere ez zen herrian, eta beraz, lehen itzuliko partidak kanpoko herrietan jokatu behar izan zituzten. Horietaz gogoratzen dira, baina bereziki gogoan dute Getarian jokatu zuten bat, Usurbilen aurka. "Beraiek bat gutxiago ziren, eta nik Usurbilgoekin jokatu behar izan nuen lagunarteko partida hura", esan du Gabilondok. Egiazabal ez da xehetasun horrekin gogoratzen, baina bai gero egin zuten hamaiketakoaz: "Iribar jatetxean izugarrizko hamaiketakoa egin genuen, kristorena izan zen!". Gogoan dute bi elkarrizketatuek etxean jokatu zuten lehenengo partida ere. Lege Zaharren Enparantzan izan zen hura, eta ez zen anekdotetatik salbuetsita egon. "Ez genuen eskubaloi kantxarik, eta beraz, ingurua babesteko Getariatik ekarri behar izan zuten sarea, arrantzarako jada balio ez zuen bat", diote.

Munoako anekdotak

Gerora, Aritzbatalderen sorrera baino lehenago, Munoan jokatu zituzten hainbat eta hainbat partida. Galipota eta harria botatzen zuten bertan, ondoren lurra zilindrodun makinarekin berdintzeko. Hala eta guztiz ere, Egiazabalek dio harri asko askatu egiten zirela, eta hori kristala bezala zela: "Inor ez zen ausartzen bertan lurrera erortzera, bestela a ze mina!". Memorian iltzatuta dute euria egiten zuenean ere nola handitzen ziren baloiak, baita horiek hartzen zuten "pisu ikaragarria" ere. Horri gehituz, Egiazabalek barrez gogoratu du erabilitako lehen baloiaren jatorria: "Donostiako Alzugaray dendan lapurtutakoa izan zen, hartu eta etxera ekarritakoa. Horrek erakusten du garai hartako egoera oso bestelakoa zela". Bada, azken baieztapen hori indartzeko, bi gizonek adierazi dute Espainiako Estatuko egoera politikoak eragin zuzena zuela eskubaloian ere, partidak jokatzeko Guardia Zibilaren kuartelera joan behar izaten zutelako baimena eskatzera.

Taldearen hasierako partiduetan txapela pasatzen zutela ere eman dute aditzera Gabilondok eta Egiazabalek, horrekin sos batzuk eskuratu eta gutxiengo gastuak estaltzeko. Izan ere, Egiazabalek dio ikaragarria zela Munoan elkartzen zen ikusle kopurua. "Pasarte asko daude, baina behin gogoratzen dut nola ez ziren etorri aurkariak, baina ordurako ikusleek ordainduta zuten sarrerak balio zuen duroa. Nolako haserreak! Jasotako diru hori behar genuen, eta beraz, hori gorde eta hurrengo partidako sarrera ez kobratzea erabaki genuen", azaldu dute. Munoako beste pasadizo bat ere kontatu dute: "Zaragozaren aurkako partida batean, irabazten ari ginen, baina epailea besteen alde zegoen nabarmen, eta jendea haserretu zuen horrek. Bera babesteko partida osteko plan bat pentsatu genuen orduan: Estanis Arrietaren furgonetan sartu eta handik ateratzea. Furgonetan zakur bat izaten zuen berak, eta hori ahaztu egin zitzaigun, beraz, ateak irekitakoan zakurrak salto egin zuen, eta arbitroak ihes egin behar izan zuen handik!".

Hasierako urteak

Lehen urteak igarota, 70ko hamarkada iritsi zen. Ordurako errotuta zegoen eskubaloi zaletasuna herrian, baina puntu horretan, zuzendaritzan tira-birak ere izan zituztela diote bi zarauztarrek, besteak beste, estatu mailako ligara ez zela igo behar esaten omen zutelako batzuk, elkartearen jarduera esparrua euskalduna zelako.

Dena dela, polemikak alde batera utzita, lehen aldiz entrenatzaile bati ordaintzea erabaki zuen taldeak, Juantxo Villarreali eta Jabier Pilarteri, zehatzago esateko. Talde horretan zen Egiazabal ere. Orduantxe etorri zen Zarauzko eskubaloiaren lehen gailurra, nolabait esatearren, Espainiako Lehenengo Mailarako txartela eskuratu baitzuen Zarauzko taldeak. "Gaur egungo eskubaloiaren oinarria orduantxe hasi zen eraikitzen, ez jokatzeko moduan bakarrik, pentsatzeko moduan ere bai. Horren bihotza Juantxo izan zen", gehitu du Egiazabalek.

Inguruko herrietara partidak jokatzera joatetik, Espainiako hainbat eta hainbat txokotara joaten hasi ziren, horrek suposatzen zuen nekearekin. Zarauzko Kirol Elkarteko Eskubaloi Sailaren 40. urteurrenean argitaratu zuten liburuxkako pasarte bat irakurri du Egiazabalek horri buruz: "Ez ziren ibilera errazak izan haiek, eta denetarik ikusi behar izan zuten. Ostiral gauean Zarauztik irten, larunbat eguerdi-arratsaldean Galiziara iritsi, partida jokatu eta Zarautzera berriro; astelehen goizaldean etxeratu, dutxatu, gosaldu eta lanera joan behar". Hamarkada horretakoa da emakumezkoen lehen taldea ere. Eskolarteko mutil gaztetxoen artean eskubaloi txapelketak zuen arrakasta ikusita, neskei aukera ematea erabaki zuten, "harrera oso onarekin". Aurretik aipatutako liburuaren arabera, herriko ikastetxeetako emakumezkoen zortzi talde osatu zituzten estreineko urte horretan.

Kirol horrek aurrera ez zuen egingo, baina, herriko gazteek ez bazuten aukeratzen. Horretan asko saiatu ziren, eta Egiazabalek gogoan du nola jarri ziren Zinema frontoian –gaur egungo gaztelekua– mahai batekin kirolari gazteak inguratzeko. "Hortik atera ziren gerora izen garrantzitsuak bihurtu ziren eskubaloi jokalari asko eta asko. Bi urtez astelehenero-astelehenero ateratzen ginen", esan du Egiazabalek.

Gabilondok, estreinako taldean bi urte egin ostean, eskubaloia uztea erabaki zuen –gerora urtebete inguru egin zuen zuzendaritza taldean–. Aitzitik, Egiazabalek kirol horretan jarraitu zuen, lehenik kirolari bezala eta gero zuzendaritzako kide bezala. Biek karguak elkarbanatu dituztenez, horri buruz ere hausnartu dute, eta "mirari" bezala definitzen dute urtez urte horrenbeste talde mantentzeko ahalmenari eustea. "Askotan zuzendaritzari kasurik ez zaio egiten, baina izugarrizko lana du atzean. Asteburu bakoitzean talde erdiak kanpora ateratzen badira jolastera, horietako bakoitzarentzat autobusa antolatu behar izaten da, epaileei ordaindu behar zaie, babesleak aurkitu...", azpimarratu dute.

Azken nahia

Urte asko igaro dira lehen talde hura sortu zutenetik, eta egun 30 bat talde dira Zarautz Kirol Elkarteko Eskubaloi Sailaren parte, tartean erreportaje honetako protagonisten senide gazteenak. "Gustura eta harro" begiratzen diete haiei, baina badute beste nahi bat ere: hasierako talde horretako denak partida baten hasieran elkartzea.

Izan ere, aspaldiko jubenil mailako talde hartako partaide guztiak bizirik daude oraindik, eta berandu baino lehen, bai Gabilondok eta bai Egiazabalek, berriro elkartu nahiko lukete beren taldekide ohiekin. Gainera, oraingo zuzendaritzari lanak "arintze" aldera, denekin kontaktua egitea "erraza" ikusten dutela gehitu dute: "Bata bestearengandik ez gaude urruti, eta segituan elkartuko ginateke guztiok. Uste dut denoi egingo ligukeela ilusioa".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide