Bat eta bi baino gehiago Sevillarako maleta prestatzen harrapatuko ditu lerro sorta honek; gainera, bat eta bi horietako asko sarrerarik gabe ziurrenik. Argudia daiteke, agian, 38 urteren ondoren jendaurrean final bat jokatzean sarrera edukitzea dela gutxienekoa, baina sarreren kudeaketa nolakoa izan den ikusita saihestezina da hainbat puntu zalantzan jartzea. Sarrera kopuru handiena finala jokatuko duten bi kluben artean banatzen da.
Klubek zozketa egin ohi dute bazkideen artean sarrerak banatzeko, eta klub bakoitzak bere irizpideak jar ditzake banaketa horrentzat; irizpideetan izan daitezkeen gorabeherek Realeko zaleek nominazioarekin izandako haserrea ekarri dute aurten. Kluben artean banatzen ez diren sarrerak Real Federacion Española de Futbolek gordetzen ditu, oraingoan 18.000. Begi hutsez, RFEFek horrenbeste sarrera ez dituela behar dirudi; teorian, salmenta irekira bideratzen da sarrera kopuru horren zati bat, baina sarrera erosten saiatu den zale arruntak badaki itxurakeria hutsa eta ia ezinezkoa dela salmenta irekiaren bidez sarrera eskuratzea.
Zorionez, zale arruntak RFEFek bere konpromisoentzat gordetako sarrerekin hainbat eta hainbat influencer-ek final historiko batean mila argazki eta bideo zentzugabe nola grabatzen dituzten ikusteaz gozatu ahal izango du bere mugikorrean La Cartuja kanpotik.
Sarrera lortzea aparta litzatekeen arren, ez da dirudien bezain idilikoa. Esan bezala, bazkideen artean sarrerak zozketa bidez banatzen dira, baina ezin dezakezu zeure lekua hautatu, sistemak berak esleitzen baitizu. Prezioa eta ikuspegia dira arazo orain. La Cartuja estadio hotza da, atletismoko pista tarteko zalea zelaitik eta bere taldetik urrun dago. Final batek eskatzen duen giro lehiakor, sutsu eta gertukoarentzat La Cartuja estadioak ez luke inolako zentzurik, baina RFEFek Sevillako udalarekin eta Andaluziako juntarekin sinatuta duen akordioa dela eta urteak dira finala bertan jokatzen dela.
Diruzalea dela gehiegi nabari zaio RFEFi eta ez du ezkutatzeko ahaleginik ere egiten, sarreren prezioa lotsagarria baita; 89 eurotan hasi eta ia 300 eurotaraino igotzen da, zozketan esleitzen zaizuna ordaindu behar duzu eta zure taldeko jokalarien dortsala desberdintzeko kataloxak eramatea gomendatzen dute zelaiaren sektore batzuetan. Ideia bat soilik egiteko, UEFAk antolatzen duen Conference League-ko finalerako sarrerak 45 eurotan hasten ziren.
Futbolak zaleen festa behar luke izan, aldiz, RFEFek etekin festa antolatu du beste behin. Behintzat, ea kudeaketa trakets honek utzitako zapore garratza Realak kopa etxera ekarrita gozatzen zaigun.