Zarauzko Udaleko Ingurumen departamentuak antolatuta, gaueko tximeletak ikusteko irteera antolatuta zuten bihar iluntzerako. Dena dela, eguraldi txarra tarteko, ekintza hurrengo ostiralera atzeratzea erabaki du udalak. Vista Alegren zuten jarria hitzordua, zehazki, Torreoian, eta bertan mantenduko dute hurrengo astekoa ere. Hain zuzen, saioa gidatzeaz Dan Lertxundi zientzialari zarauztarra arduratuko da, Zerynthia tximeletazale elkarteko kidea.
Lertxundiren arabera, hainbat argi foku jarriko dituzte eremu horretan, eta pixkanaka-pixkanaka, denbora aurrera doan heinean, gerturatzen joango dira hainbat familitako tximeletak. Horiek hobeto ikusteko eta parte hartzaileek ez zapaltzeko, lurrean maindire zuri bat jartzea da beren asmoa. Behin tximeletak alboan dituztenean, horien inguruko azalpenak ematen saituko da zientzialaria, eta, besteak beste, euren jarrerari edo elikadurari buruz hitz egingo du.
Lertxundik azaldu du, beste hainbat intsektuk bezala, gaueko tximeletek ere joera dutela argira gerturatzeko. Zarauztarrak eguneko eta gaueko tximeletak bereizi ditu, eta horien inguruko datuak ere eman ditu. "Eguneko tximeleten artean, 200 espezietik behera daude Euskal Herrian, eta gauekoak, berriz, 4.000tik gora dira. Datu horrekin garbi ikus daiteke gaueko tximeleten artean aniztasun handiagoa dagoela", eman du aditzera. Beraz, haren arabera, askotan kanpotik tximeleta denek "antzekoak" diruditen arren, desberdintzen dituzten ezaugarriak eduki ditzakete: hegoak tolesteko modua, tamaina, koloreak, forma... "Beste mundu bat da gaueko tximeletena, baina gutxik ezagutzen dute", gehitu du.
Gaueko tximeleten multzo zabal horretan, Saturnia pyri espezieari buruz hitz egin du Lertxundik, paboi handia izenez ere ezagutzen dena. Europako tximeleta handiena da –eme batek 16-17 zentimetro inguru neur ditzake–, eta zarauztarrak azaldu duenez, espezie hori "nahiko ugaria" da Zarautzen. Saturnoren eraztunaren itxurako orbanak ditu hegoetan, eta horregatik hartzen du izen hori. Esfingidoak ere askotan ikusten direla aipatu du Lertxundik; horien artean, pirata tximeleta nabarmendu du. "Piraten banderetan agertzen den kaskezurraren antzeko irudia dute gorputzean, eta udazkenean asko ikusi ohi dira Zarautzen". Familia horretan, tiloaren esfingeari buruz ere hitz egin du Lertxundik. Hala eta guztiz ere, garaiaren arabera, tximeleta ezberdinak ikusten direla esan du.
Natura ezagutzea helburu
Udalak azaldutakoaren arabera, proposamenaren bidez, "parte hartzaileek gaueko tximeleten mundua ezagutzeko aukera izango dute, naturan bertan egingo den dibulgazio eta familia giroko esperientzia baten bidez". Jarduera hori 2022an egin zuten azkenekoz, eta udalaren esanetan, harrera "bikaina" izan zuen. Gauza bera dio Lertxundik. "Urte hartan ia dozena bat pertsona gelditu ginen goizeko ordubatak arte, lehenengo tximeleta batzuk azaltzen direlako, baina gero beste batzuk. Goizeko ordu txikiak arte egon zaitezke, zer iritsiko den zain. Gau polita tokatuz gero, oso ekintza polita izan daiteke", gehitu du, barrez, Lertxundik. Duela lau urteko ekintzak izan zuen arrakasta kontuan izanda erabaki dute aurten berriro antolatzea.
Eraztun Berde Urdinaren arduradun Gloria Vazquezek azpimarratu duenez, ekintzaren helburua da "herriko natura aberastasuna ezagutzeko esperientziak eskaintzea", baita "bertako biodibertsitateari" balioa ematea ere. Inaxio Illarramendi Ingurumen zinegotziak nabarmendu du "horrelako jarduerek tokiko biodibertsitatea herritarrengana modu erakargarrian" gerturatzen dutela, "natura errespetatzeko eta ezagutzeko aukera eskainiz".