Saskibaloia izango da asteburu honetako protagonista Aritzbatalde kiroldegian, Finalen Finala txapelketarekin. Sei partidek osatuko dute hitzordu garrantzitsua, 09:30etik aurrera, eta horiek kategoria ezberdinetakoak izango dira: kadete, junior eta senior mailakoak, hain zuzen. Hitzordua Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak antolatu du, ZAST klubaren eta Zarauzko Udalaren laguntzarekin.
Inaxio Illarramendi udaleko Kirol zinegotziak aitortu du bigarrenez txapelketa hau Zarautzen izatea "plazera" dela berarentzat. Izan ere, norgehiagoka horietan erabakiko dira Gipuzkoako txapeldunak. Illarramendik azpimarratu du Zarautz "kirol ekitaldi handien egoitza" dela, eta horren lekuko izango dela Finalen Finala.
Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko koordinatzaile nagusi Jon Txakartegik gehitu du federazioarentzat "urteko hitzordu garrantzitsuena" dela. Era horretan, bere esker ona adierazi die ZAST klubari eta Zarauzko Udalari, eta esan du hau posible egiteko "inplikazio osoa" erakutsi dutela. Ildo horretatik, koordinatzaileak Zarauzko saskibaloi klubak egiten duen lana goraipatu du: "ZASTek urteak daramatza lan bikaina egiten, harrobi sendo eta lehiakorra finkatuz, eta hori lehen taldeetan ere islatzen da. Era berean, federazio honetako jarduerekin (kirolarien, teknikarien eta arbitroen prestakuntza, adibidez) duten konpromisoa eta lankidetza nabarmendu nahi ditut".
ZAST klubeko entrenatzaile Beñat Jauregik, berriz, erakundeak herriko kirolarekin eta federazioarekin duen konpromisoan jarri du arreta: "Gipuzkoako saskibaloiaren festa da hau; jokalari eta entrenatzaile askok ilusioz eta mimoz prestatu dituzte final hauek". Hori horrela, hiru ordezkariek Zarauzko eta Gipuzkoa osoko zale guztiak animatu dituzte larunbatean Aritzbataldera hurbiltzera, "emozioa, ikuskizuna eta giro bikaina" uztartuko dituen ekitaldiaz gozatzera.
Ondorengoa da partiden egitaraua:
Kadeteak:
- 09:30. Bera Bera - Zast Attack.
- 11:30. Ordizia KE - Easo Basket Karting Irun.
Juniorrak:
- 13:30. Bera Bera Indabe Elektrizitatea - Zast Kuraye ZKE.
- 16:00. Hondarribia Ikasbasket - Zast & Furious.
Seniorrak:
- 18:00. Kruce Ointxe - Easo BAsket En Clave de Sol.
- 20:00. Ordizia KE - Loyola 21 Hoops.