Aialak "oso harro" bete du 30 urteko ibilbidea

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 12a

Urteurrena ospatzeko ekitaldia egin dute gaur eguerdian Zarauzko ostalaritza eskolan. 3.000 ikasle baino gehiago igaro da urte hauetan guztietan.

Aiala Karlos Argiñanoren Ostalaritza Eskolak 30. urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko ekitaldia ospatu dute gaur eskolaren sortzaile Karlos Argiñano eta Luisi Ameztoi senar-emazteek. Anfitrioiekin batera, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, eskolaren zuzendari Raul Gonzalezek eta Argiñano familiako hainbat kidek hartu dute parte jardunaldian. Lehenik eta behin, sukaldaritza eskolako instalazioak bisitatu dituzte, eta prentsari eskainitako agerraldiaren ondoren, ikasleek prestatutako bazkariaz gozatu dute.

Inguruko gazteei "kalitatezko formakuntza" emateko eta "etorkizun bat" izateko helburuarekin abiatu zuten Aiala eskola 1996an. "Duela hiru hamarkadako ildo beretik jarraitzen dugu gaur egun ere, eta ongi egiten dugula uste dugu", nabarmendu du Raul Gonzalezek. Sektorean hainbat aldaketa izan diren arren, aurrera jarraitu dutela zehaztu du, "irakaskuntzarako bokazioa" dutela argudiatuz. Urte hauetan guztietan, 3.000 profesional baino gehiago trebatu dituztela eta horiek munduan zehar hedatuta daudela azpimarratu nahi izan du. "Zentzu horretan, lanak nahiko ongi egin ditugula esan dezakegu".

Karlos Argiñanok adierazi du pozgarria dela urteurrena ospatu ahal izatea, eta nabarmendu nahi izan du eskola bat ez duela pertsona bakar batek egiten: "Hau ez du Luisik eta Karlosek egin. Hau talde handi baten lanaren emaitza da, eta guk zorte hori izan dugu". Atzera begira ere jarri da sukaldaria, eta esan du duela 60 urte Zarautzera bizitzera etorri zenean nekez pentsatzen zuela sukaldaritza eskola bat sortuko zuenik: "Nola, baina! Ikasketetan azkena nintzen eta!".

Sukaldaritza ofizio oso duina dela eta "ongi bizi" daitekeela edonon zehaztu du: "Ofizio hau ongi ikasiz gero, lan egin dezakezu bai hemen bai hemendik 10.000 kilometrora. Oso harro gaude egin dugun ibilbideaz, eta ea jarraitzen dugu beste urte pila bat".

Zarauzko enbaxadore

Gaur egun bere instalazioak Talaimendi inguruan baditu ere, Abendaño industrialdeko pabiloi batean ekin zion Aialak bere ibiliari. Hori oroituz ekin dio hitzartzeari Xabier Txurruka alkarteak: "Eskola hau bere txikitasunean eskola handi bat da, mundu osora iristen delako". Bide batez, Argiñano familia osoari eskerrak eman nahi izan dizkio: "Zarauzko enbaxadore onenak zarete. Edozein tokira goazela, guztiek esaten digute Argiñanoren herrikoak zarete. Zerbaitegatik izango da: gertutasunagatik, transmititu egiten duzulako, lan handia egin duzulako... Azken finean, egunero-egunero pixka bat egiten duen, baina azkenean asko egiten duen familia bat zarete".

Eider Mendozak eskolaren atzean dagoen komunitatea azpimarratu du " Hau familia bat da, familia proiektu bat, duela urte pila bat hasi zena. Bakoitzak bere rola dauka, eta guztien artean aurrera jarraitu duzue. Batzuek aurpegia jartzen dute, eta beste batzuk atzetik egiten dute lan, baina elkarri eusten diozue".

Horrez gain, Aialaren konpromisoa jarri nahi izan du mahai gainean; eta ez bakarrik ofizioarekin eta lurraldearekin duena, baita gizarte eragile bezala duena ere. Izan ere, Zarauzko emakumeen eskubaloi taldearen babeslea da duela bi hamarkadetatik, eta aldundiarekin batera, Peruko jantoki batean, bazterkeria arriskuan dauden 800 gazteri gosaria ematen die. "Beraz, gaurkoa zoriontzeko eguna da, horren bide emankorra egiteagatik", borobildu du Mendozak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide