Atzegiren Kuadrilla Eguna: lagunez haratago, familia bat

Enara Ariznabarreta 2026ko maiatzaren 12a

Zarauzko kuadrilla gaztea, larunbateko Kuadrilla Egunean. (Atzegi)

Adiskidetasuna, aisialdia eta inklusioa aldarrikatu dituzte emozioz eta poztasunez beteriko Txolarteen eta boluntarioen topaketan, Zarautzen. Guztira, 300 lagun elkartu dira.

Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko familia elkarteak, Kuadrilla Eguna ospatu zuen larunbatean Zarautzen. Musikaz, janariaz eta ekitaldiez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek adimen desgaitasuna duten pertsonen eta boluntarioen arteko topaketan. Dozenaka pertsona bildu ziren desgaitasuna duten pertsonek gizarte eta komunitate bizitzan erabat parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzeko asmoz.

Aurtengo Kuadrilla Eguna "oso hunkigarria" izan zela nabarmendu du Atzegik, "batez ere Zarauzko Txolarte taldeentzat, anfitrioiak haiek baitziren". Kuadrilla Egunaren antolatzaileak jaia egiten duten zonaldeko lagun taldeak izaten dira, eta urtero kuadrilla desberdin batek hartzen du festa antolatzeko ardura. Aurten, Zarauzko taldeak hartu du gidaritza.

Duela 55 urte, 1971. urtean, sortu zen Gipuzkoako lehen Txolarte taldea, eta ordutik, urte dezente daramatzate programa horren barruan adimen desgaitasuna duten pertsonentzat parte hartzeko guneak sustatzen. Kuadrillak oso desberdinak dira beraien artean; zonalde desberdinetakoak eta adin tarte desberdinetakoak izan ohi dira. Kuadrillen errealitatea askotarikoa da: batzuek irteerak, jai giroko planak edota mendi irteerak antolatzen dituzte; beste batzuek, aldiz, lasaiagoak diren planak.

Kuadrilla Eguna urtean behin egiten dute, eta haren helburu nagusia da adimen desgaitasuna duten pertsonek gizarte eta komunitate bizitzan duten parte hartzeko eskubidea aldarrikatzea, aisialdiaz berdintasunean gozatzeko aukera bermatuz. Atzegik dio "aisialdia ez dela osagarri bat, eskubide bat baizik, ongizatea, harreman pertsonalak, autonomia eta gizarteratzea sustatzen dituena".

Era berean, "Txolarte taldeak posible egiten dituzten boluntario guztien inplikazioa eta lana eskertzea eta aitortzea beharrezkoa" dela nabarmendu du Atzegik. Haien lana funtsezkoa da adimen desgaitasuna duten pertsonek aisialdiaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Bereziki berezia

Atzegik aurtengo Kuadrilla Eguna "bereziki berezi" gisa deskribatu du; izan ere, Zarauzko bi kuadrillak oso inplikatuta egon dira. Topaketan Txolarteetako boluntarioak eta desgaitasuna duten pertsonak bildu ziren, harremanetarako, adiskidetasunerako eta gizartean parte hartzeko espazioak sustatzeko asmoz. Guztira 300 pertsona inguru bertaratu ziren, Gipuzkoa osoko 27 Txolarteetako kide eta boluntarioak barne.

Lehenengoz egin dute Zarautzen Kuadrilla Eguna. Herrian bi kuadrilla daude, helduena eta gazteena. Urte osoan Kuadrilla Eguna antolatzen aritu dira horiek; esaterako, dekorazioa, dantzak eta eszenatokian egitekoak prestatzen. Zarauzko Udalak ere bere alea jarri zuen larunbatean; izan ere, ospakizuna egiteko toki bat aurkitzen lagundu zien Atzegiko kideei.

Elektrotxarangaren emanaldiarekin hasi zuten larunbateko Kuadrilla Eguna. Jendea hasiera-hasieratik emozionatu zen; Zarauzko kuadrillak agertoki gainean aritu ziren dantzan, eta begira zeuden guztiak txaloka aritu ziren; oso une hunkigarria izan zen. Eguneko momenturik gorena, eta baliteke bereziena izatea ere, herriko kuadrillek "Txolartea lagun kuadrilla bat baino gehiago" dela, "familia bat" dela, esan zuten momentua izan zen. Bazkaldu ondoren, partaideak eta boluntarioak dantzan aritu ziren, gogo biziz.

Zarautzen "gauza berezi bat" gertatzen dela dio Atzegik, Zarauzko kuadrilletako boluntarioek urte asko daramatzate lanean eta. Txolarte taldeetako kideek boluntarioekin eraikitzen dituzten harremanak oso politak eta desberdinak izaten dira, eta partaideak oso eskertuta daude haiek egiten duten ahalegina tarteko.

Atzegi oso gustura gelditu da aurtengo Kuadrilla Eguneko parte hartzearekin eta festak izan duen harrerarekin. Oso eskertuta daude Zarauzko Udalarekin eta Zarauzko bi Txolarteekin. "Dena primeran" atera zela eta jende guztia "oso pozik" egon zela azpimarratu dute elkartekoek.

Beste behin ere, Kuadrilla Egunak argi utzi du aisialdia partekatzeko espazioek harreman sendoak eta benetako inklusioa sortzen dituztela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide