Helburua lortu du eta Amenabar Zarautz Zilarrezko Ohorezko Mailako taldea da. Las Palmasen (Kanaria uharteak, Espainia) jokatu du igoera fasea azken egunotan, eta taldea bikain aritu da; izan ere, hiru partidetatik hirurak irabazi ditu, igoera zuzenean lortuz.
"Horrelako igoera fase batean parte hartzen duten talde guztiak dira beren multzotako txapeldunak edo bigarren sailkatuak, eta ez dakizu oso ongi zer gerta daiteken. Azkenean, talde guztiak izan daitezke arriskutsuak. Beraz, fasean partida guztiak irabaztea, eta nagusitasunez gainera, sekulakoa izan da", azaldu du Amenabar Zarautz taldeko atezain Paulo Ostolazak.
Liga erregularrean ez dute partidarik galdu –29 garaipen eta berdinketa bat lortu dituzte–, eta faseko hiru partidak irabazita, Zilarrezko Ohorezko Mailara itzultzea ginga jartzea izan da. "Uste dugu merezi ez dugun kategoria batean jokatzea tokatu zaigula aurten. Jokalariok ahaztu egin ditugu epaitegietako kontuak, eta geure lanean zentratu gara eta jokoan erakutsi dugu txiki geratzen zaigula Lehen Nazional Maila", nabarmnendu du atezainak. Zentzu horretan, "denboraldiko ildo beretik aritu gara igoera fase honetan. Mikel Agirrezabalaga entrentzaileak ere asko lagundu digu heldutasunean aurrerapauso bat ematen, eta asteburuko faseko partidak uneoro kontrolpean edukitzen".
Bistakoa da kantxa barruan eta kiroltasunez kendu dutela aipatu arantza: "Garbi dago gure kategoria ez zela Lehen Nazionala, eta Zilarrezko Ohorezko mailara itzultzea zela gure helburua. Uste dugu garrantzitsua dela maila horretan egotea, guztiontzat hobea baita, erreferentzialtasuna izateko, ikuskizuna ere edukitzeko Zarautzen. Beraz, datorren denboraldian espero dugu partida erakargarriak izango ditugula herrian".
Atzo, Sant Joanen aurkako partida amaierako bozina jo zutenean, poza lehertu zen Amenabar Zarautzeko jokalari, prestatzaile, familia eta zale guztien artean. Hala ere, duela bi urteko igoerarekin alderatuta, oso ezberdina izan zela azaldu du Ostolazak. "Orduan tentsio pila bat pasatu genuen, eta azken segundoan sartutako gol bati esker lortu genuen igoera. Aurten, aldiz, patxada gehiagorekin erdietsi dugu. Asteburu osoan aritu gara igoeraz gozatzen. Gainera, zale dezente etorri dira Zarauztik, eta haiekin ospatu dugu topera garaipena".
Gaur iluntzean iritsi da Zarauzko gizonezkoen lehen taldea etxera, eta harrera egiteko ordu desegokia denez, ostiralean egingo diote omenaldi ekitaldia. Oraindik antolatzen eta gauzak lotzen ari dira, eta klubak momentuz ez du zehaztu lekua, ezta ordua ere.
"Gogoak ditugu herriko jendearekin ospatzeko, noski. Duela bi urte etxean jokatzekoa esperientzia bizi genuen. Aurten, oso ezberdina izan da, beste alde on eta txarrarekin. Alde batetik, jendearen berotasuna gutxiago sentitzen duzu, baina, bestetik, taldearentzat presio gutxiago da etxetik kanpo jokatzea. Edonola ere, mezu mordoa jaso dugu asteburu osoan, animatzen eta zoriontzen, eta sentitu du jendearen babesa".