Ostiral honetan, maiatzaren 15ean, emakumeen Euskal Herriko Itzulia abiatuko da Zarauztik, eta arazorik sor ez dadin, trafikoan eragingo duten hainbat aldaketa izango dira herriko kaleetan.
Zehazki, probaren bezperan hasiko dira neurriak hartzen. Ostegunean, 15:00etatik aurrera, Etxebeste kaletik Kortazarrera Gipuzkoa kalea itxiko dute, eta Lapurdi eta Gipuzkoa kaleetan, Mateo Mugikatik Mintegi kalera, Kortazar eta Kortazarreko zabalgunean aparkatzea debekatuko dute, helmuga montatu ahal izateko.
Lasterketaren egunean, 09:30etik 10:30era, Nafarroa kalea (N-634 errepidea) itxiko dute, Jautarkol kaleko biribilgunean, eta San Inazio eta Bizkaia kaleen bidegurutzean trafikoa moztuko dute. Hortaz, trafikoa erabat moztuta egongo da Jautarkoletik Elizaurreraino, N-634 errepidean.
Helmuga gunean, aldiz, 12:30etik 13:30era, N-634 errepidea Elizaurretik Nafarroa eta Gipuzkoa kaleen arteko biribilguneraino itxita egongo da, baita Gipuzkoa kalea ere Zelai Ondotik Nafarroa kaleraino. AP-8ko sarrerak eta irteerak une oro zabalik izango dira.
Udalak azaldu duenez, kasu partikularretarako eta informazio gehiagorako, Zarauzko Udaltzaingoarekin jarri daitezke herritarrak harremanetan, 943-00 51 15 telefono zenbakira deituta.