Maiatzaren 17an, igande honetan, Gran Camping Zarautzek eta Zarauzko Turismo Departamentuak hondakin bilketa irekia antolatu dute Zarauzko hondartzan "ingurumen kontzientzia eta elkarbizitza sustatzeko". Zehazki, kanaleko zubian jarri dute hitzordua, 10:00etan, eta handik aurrera, hondartzan zehar ibiliko dira hondakinak jasotzen.
Antolatzaileek azaldu dutenez, natur ondarea "babestu eta herritarren zein bisitarien arteko loturak sendotzea" da ekimenaren helburua, Gran Camping Zarautz eta Zarautz Turismoaren lankidetzari esker burutuko dena. Ondorioz, adin guztietako boluntarioei dei egin nahi diete "itsas ekosistemaren babesean aktiboki parte har dezaten". Hondakinak biltzeaz haratago, ekimenak "topagunea" sortu nahi du, non bertakoek eta bisitariek helburu bera partekatuko duten, "bertakoen eta bisitarien elkarbizitza sustatzea eta ingurumenarekiko errespetua".
Ekimenean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute· turismoa@zarautz.eus edo info@grancampingzarautz.com helbideetara idatzita, nahiz Turismo Bulegora deituta (943-83 09 90).