Artearen eta naturaren bueltako ekintzak antolatu ditu Emakumeen Etxeak datozen hilabeteetarako

Mireia Galarza Bastida 2026ko maiatzaren 11

Bilboko Guggenheim museoa. (Pixabay)

Maiatzaren 23an eta ekainaren 13an, hurrenez hurren, Donostiako nahiz Bilboko hainbat museo bisitatuko dituzte. Kirolari ere egingo diote tartea, Zumaiatik Debara eta Oriotik Igeldora joateko txangoak antolatu baitituzte. 

Zarauzko Emakumeen Etxeak kultur eta ongizate jarduerez osatutako egitaraua antolatu du herriko emakumeentzat maiatzerako eta ekainerako. Horien helburua, Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziaren arabera, emakumeei "topaketarako, hausnarketarako eta ongizaterako guneak" eskaintzea da, "ahalduntzea eta parte hartzea sustatzen duten kalitatezko kultur proposamenak eta naturako jarduerak beraiei hurbilduz".

Zehazki, maiatzaren 23an eta ekainaren 13an bi kultura bisita gidatu egingo dituzte, biak ala biak Maria Jose Aranzasti historialari eta arte kritikariaren gidaritzapean. Maiatzaren 23an bisita bikoitza izango da Cristina Enea Fundaziora eta Tabakalerara. Cristina Enean, Aurora Bengoechearen Elkarrizketa bat paisaiarekin/Una conversación con el paisaje erakusketa bisitatuko dute, Aranzastik berak komisariatua, "artearen, naturaren eta gizarte konpromisoaren arteko harremanean oinarritua". Tabakaleran, berriz, Zineb Sedira eta Jon Gorosperen erakusketak ikusiko dituzte. Ekainaren 13ko hitzordurari dagokionez, Guggenheim Museora joango dira parte hartzaileak Ruth Asawaren atzera begirakoa eta Igshaan Adamsen obra ezagutzeko.

Aipatutako ekintzez gain, Emakumeen Etxeak Mendi ibilaldiak tailerra ere antolatu du maiatzaren 9an eta ekainaren 6an, eta bertan, mendi ibilaldiak egingo dituzte "jarduera fisikoa, ongizate emozionala eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko naturarekiko kontaktuaren bidez". Aurreikusitako ibilbideak dira Zumaia-Deba (14 km) eta Orio-Igeldo (10 km), hurrenez hurren, maiatzaren 9an eta ekainaren 6an egingo dituztenak 9:00etatik 14:00etara. Jarduera irekia eta doakoa izango da, maila guztietako emakumeei zuzendutakoa, eta "ingurune naturaletan elkartzeko, laguntzeko eta gozatzeko gune bat sortzea du helburu". Antolatzaileek azaldu dutenez, euria egiten badu, atzeratu egingo dira mendi irteerak, eta aldez aurretik izena eman dutenei jakinaraziko zaie. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide