Helburua lortu du Amenabar Zarautzek: Zilarrezko Ohorezko Mailara igotzea. Las Palmasen (Kanaria uharteak, Espainia) jokatu dute igoera fasea azken egunotan, eta Zarauzko taldea bikain aritu da bertan; izan ere, hiru partidetatik hiru garaipen poltsikoratu dituzte mutilek, igoera zuzenean lortuz.
Ostiralean izan zuten asteburuko lehenengo erronka, eta Kataluniako La Roca taldea garaitu behar zuen Amenabarrek bertan. Taldeak ez zuen hutsik egin: 37-30 gailendu ziren Zarauzko mutilak, aurretik zuten asteburu oparoari hasiera emanaz.
Atzo jokatu zuten faseko bigarren partida, anfitrioiaren aurka, Ingenio taldearen aurka. Irabaztea zen Zarauzko taldearen aukera bakarra, eta kasu honetan ere lan bikaina egin zuten: Amenabarrek 30-37 hartu zuen mendean Ingenio.
Hala, hirugarren eta azken neurketara indartsu heldu da gaur Zarauzko taldea. Valentziako Sant Joan taldearen aurka neurtu dituzte indarrak, eta epaileak partidaren amaiera adierazi duenean lehertu da festa: 36-25eko markagailuarekin amaitu da partida, Zarautzen alde, eta, beraz, Amenabarrek Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatuko du datorren denboraldian.