Doinurik ederrenak Frantziskotarren Elizan, Zarautz eta Eresmin abesbatzen ahotik

Intza Trula 2026ko maiatzaren 10a

Zarauzko eta Donostiako abesbatzek elkarrekin kontzertu solidarioa eman zuten atzo. Zaporeak elkartea ezagutzera ematea zen hitzorduaren asmoa, eta bertan lortutako donazio guztiak ere aipatu elkartearentzat izango dira.

Zaporeak elkarteari laguntzeko elkartu ziren atzo Frantziskotarren Elizan: Zarautz eta Eresmin abesbatzek kontzertu solidarioa eman zuten bertan, iluntze aldera. Zaporeak elkarteari emango diote hitzorduan bildutako dirua, baina, horrez gain, herritarrei elkartearen berri ematea zen hitzorduaren asmo nagusia.

Jende ugari animatu zen emanaldia entzutera, eta bi abesbatzek prestatuta zituzten abestiez ez ezik, Eresmin abesbatzako txistularien parte hartzeaz ere gozatu ahal izan zuten. Zarauzko taldeak zabaldu zuen kontzertua, hiru abestirekin, eta Donostiako abeslarien txanda izan zen jarraian, sei abestirekin. Ondoren, txistulariak igo ziren oholtzara, eta amaiera Eresminen ardura izan zen.

Ez da azken aldia izango bi abesbatzek elkarrekin kontzertua emango dutena: izan ere, urriaren 24an kontzertu bateratua eskainiko dute Zarautz eta Eresmin abesbatzek, baina oraingoan Donostian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide