Astebete geratzen da emakumeen Itzuliari hasiera emateko

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 8a

Donostiako udaletxean egin zuten atzo emakumeen Itzuliako aurkezpen ofiziala. (OCETA)

Txirrindulari probaren aurkezpen ofiziala egin zuten atzo Donostiako udaletxean. Datorren astean, maiatzaren 14an, taldeen aurkezpen ekitaldia egingo dute 18:00etan, Zarauzko malekoian.

2026ko emakumezkoen Euskal Itzuliaren aurkezpen ofiziala egin zuten atzo Donostiako udaletxean, eta bertan bildu ziren ordezkari publikoak, babesleak eta probako antolatzaileak. Maiatzaren 15ean, 16an eta 17an jokatuko dituzte txirrindulari proba osatuko duten hiru etapak, eta lehenengo proba Zarautzen hasi eta amaituko da.

Euskadiko Txirrindulari Elkarteko (OCETA) presidente Javier Riaño pozez agertu zen ekitaldian, aurtengoa bosgarren edizioa izanik, lasterketak sendotze bidean jarraitzen duelako. "Gaur egun, nazioarteko lasterketa onenetakoa da Itzulia, babesa ematen dioten lagun, enpresa, instituzio eta zale guztiei esker”.

Beste urte batez, lehen mailako taldeek eta txirrindulariek berriro parte hartuko dute, eskualdeko zenbait gune zeharkatuko dituen ibilbidean zehar; izan ere, lehen etapaz gain, hirugarrenean –Donostian eta inguruetan izango dena– Oriotik igaroko da. Txirrindularitzaren ikuskizun handia izango denez, antolatzaileek lasterketara bertaratzeko deia egin diete zalei txirrindulariak animatzera.

Motorrak berotzen hasteko, Itzulia hasi bezperan, maiatzaren 14an, taldeen aurkezpen ekitaldia egingo dute Zarauzko malekoian. Saioa 18:00etan hasiko da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide