Itxura berritua izango du malekoiko udako kantinak

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 8a

Kantinaren itxura berria. (Aritz Mutiozabal)

Zerbitzuaren ustiapenaren esleipendunek egokitzapen lanak amaitutakoan irekiko dute, urriaren 31ra arte. Guztira, 37.503, 95 euroko kostua izan dute berritze lanek.

Geroz eta gertuago dago uda sasoia, eta Zarautz jada ari da garai horretarako prestatzen. Malekoitik igaro den batek baino gehiagok nabarituko zuen udan eremu horretan jartzen duten kantinak, aurreko urteekin alderatuta, bestelako itxura duela. Izan ere, Zarauzko toldoen kolore berberak izango ditu aurrerantzean malekoian udan udalak jartzen duen kantinak, zuria eta urdina.

Erakundeak jakinarazi duenez, kaseta berria ezartzeko lanak lehiaketa bidez esleitu dituzte, eta, hain justu ere, hori berritzeaz arduratu da Maderas Impregnadas para el Exterior enpresa. Talde horretaz gain, beste bi enpresa ere aurkeztu ziren lehiaketara, baina aipatutakoa izan da "teknikariek ondoen baloratu dutena", eta, beraz, aldaketen arduraduna.

Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, lanen inbertsioa 37.503,995 eurokoa (BEZ barne) izan da, eta orain, kantina berria ezarri ondoren, zerbitzuaren ustiapenaren esleipendunak egokitzapen lanak egiten ari dira dena prest izan eta irekitzeko. Hain zuzen ere, horiek aipatutako lanak amaitutakoan irekiko dute espazioa, baina ez dute jakinarazi egun zehatza. Udako hilabeteetan irekita egon ostean, urriaren 31n itxiko dute kantina berritua datorren udako denboraldira arte.

Hala eta guztiz ere, kantina ez da azken hilabeteetan malekoian itxura aldaketa izan duen elementu bakarra. Izan ere, iazko urrian hasi zituzten eremu horretan zoladura berritzeko lanak. Orotara kilometro erdi inguruko zoladura berritu zuten, eta baldosen ordez hormigoi koloreztatuko gainazal laua jarri zuen udalak bertan. Zehazki, Madoz kaletik Lizardi kalerainoko zatian egin zituzten aldaketak.

Horretaz gain, malekoiko arkupeetan argiteria publikoa ere hobetu zuen erakundeak segurtasuna hobetzeko, orain arte ez duelako argiteria publikorik izan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide