Erakusleiho bat gizarte ekintzetako boluntarioentzat

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 8a

Hainbat elkartetako boluntarioak, Zarauzko Boluntariotza Azokaren aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko Boluntariotza Azoka egingo dute igande goizean, malekoian. Guztira, hamazazpi elkartek eta Zarauzko Solidaritate Koordinadorak jarriko dute postua.

Zarauzko Udalak Boluntariotza Azokaren bosgarren aldia antolatu du igande honetarako, Gizalde Gipuzkoako boluntariotza sarearekin elkarlanean, eta azken urteetan bezala, gizarte ekintzan lan egiten duten elkarteek eta boluntarioek beren lana ezagutaraztea nahiz herritarrengana gerturatzea du helburu, boluntariotzari balioa emanez.

Malekoian ezarriko dute azoka, Galtxagorri elkartearen pareko eremuan, 11:00etatik 14:00etara, eta, guztira, hamazazpi elkartek jarriko dute postua: Asebier, Itxaropenaren Telefonoa, Atzegi, AGI, DYA, Bizi Bide, Nagusilan, Bidez Bide, Gizalde-Sareginez, Afagi, Gurutze Gorria, Aspace, Bihotzez, Acabe, Ademgi, Garagune eta Agadelprise. Horiez gain, aurten, berritasun bezala, herrian kooperazioaren arloan lan egiten duten hamabi elkarte ere presente izango dira, Zarauzko Solidaritate Koordinadoraren postuan: Munduko Begiak, Ibarratik misio taldea, Zaporeak, Tau Fundazioa, Calcuta Ondoan, Ori-Zautz, Misevi, ACOES, AMS, Proyde-Proega, Hirugarren Adina eta Itsas Salbamendu Humanitarioa. Postuetan elkarte horietan egiten duten boluntariotza lana azalduko dute, eta, nahi duenak, gainera, elkarteren bateko kide egiteko aukera izango du.

Aurtengo azoka testuinguru berezi batean datorrela nabarmendu du Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak, Nazio Batuen Erakundeak 2026a boluntariotzaren eta garapen jasangarriaren nazioarteko urtea izendatu duelako. "Boluntzariotza funtsezko eragile gisa hartzen da Zarautz 2030 proiektuan, eta zaintza ekosistemaren oinarrizko zutabeetako bat da", adierazi du. "Era berean, ezin dugu ulertu komunitate ikuspegirik gabeko zaintza eredurik. Boluntariotzak laguntzen du zaintza partekatuan oinarritutako komunitate bat eraikitzen, non besteak zaintzen ditugun eta, aldi berean, zainduak ere bagaren, erantsi du.

Igandeko azoka bereziki gizarte ekintzetako elkarteei bideratuta dagoen arren, Aranak abagunea aprobetxatu nahi izan du hainbat sektoretan –kirolean, aisialdian, kulturan, lankidetzan, auzo elkarteetan eta abarretan– boluntario aritzen diren zarauztarrak eskertzeko. "Guztion lanik gabe ezinezkoa litzateke gizarte solidarioa, inklusiboa eta konprometitua eraikitzea", zehaztu du.

"Zorioneko eguna"

Zarauzko Solidaritate Koordinadorako ordezkari Idoia Makazagak adierazi du "zorioneko eguna" izango dela igandekoa, "guztiak ari direlako mundu hobea eta goxoagoa lortu nahian". Koordinadorak batez ere kanpoko herrialdeekin kooperatzen du, hala nola Sahara, Ukraina, Ruanda, Kolonbia eta Honduras bezalako lurraldeetara laguntza bideratuz. Era berean, sentsibilizazio kanpainak egiten ditu herri mailan "modu xumean", eta Boluntariotza Azoka aukera egokia iruditzen zaie koordinadoraren baitako elkarteen berri emateko.

Ikerketen arabera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan boluntariotzak gora egin duen arren, elkarteek duten pertzepzioa bestelakoa dela azaldu du Miren Gurrutxaga Gizaldeko ordezkariak: "Jende gutxiago dabil elkarteetan edo gero eta zailagoa da konpromiso jarraia har dezaketen herritarrak topatzea. Beraz, esan daiteke boluntario puntualak direla gehienak". Gizartea aldakorra dela dio Gurrutxagak, "gero eta azkarrago" doala, eta, ondorioz, "gizartean egoteko eta parte hartzeko moduak aldatu" egin direla. Horregatik, komunitatea osatzearen eta eraldatzearen garrantzia nabarmendu du: "Boluntarioen lana aitortu eta sustatu egin behar da, aurrerantzean ere bide beretik jarrai dezaten".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide