Eraztun Berde Urdinak, datorren ostiralerako, gaueko tximeletak ikusteko irteera antolatu du Zerynthia elkarteko Dan Lertxundirekin batera. Vista Alegreko Torreoian elkartuko dira 21:30ean, eta jarduerak bi ordu inguru iraungo ditu.
Azkenengo aldiz 2022. urtean egin zuten horrelako irteera bat, eta arrakasta handia izan zuen. Tximeleta ugari ikusteko aukera izan zuten, eta horregatik, aurten berriro egitea erabaki dute. Oraingo honetan, tximeletak erakartzeko argi-tranpa bereziak jarriko dituzte Torreoi inguruetan. Tximeleta espezie desberdinak ikusteko aukera izango da, eta zortea izanez gero, Europako tximeleta handiena ere.
Izena eman nahi dutenek zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera mezua bidali edota 943-00 51 09 zenbakira deitu beharko dute. Eraztun Berde Urdinak tximeletak gustuko dituen orori luzatu dio gonbita.