Irakurketa aipatzen denean, burura etortzen zaigun irudirik ohikoena hauxe izaten da: norbait etxeko egongelako besaulkian eserita edo ohean etzanda, isilean, eskuetan liburu bat duela. Ohikoa esaten dut, ondo baitakit beste toki eta modu askotan, beste euskarri batzuen bidez, posible dela irakurtzea.
Baina irakurketa modu hori, hots, isilean irakurtzea, kontu berri samarra omen da, aspaldian ez baitzen horrela izaten. Garai batean, aspaldian, irakurketa ozenki egiten zen, nahiz bakarrik egon, nahiz jendaurrean. Horren adibide bat ematearren, San Agustinek Aitorpenak liburuan dioena ekarriko dut hona. Berak azaltzen duenez, behin sona handiko predikatzaile bat ikusi zuen bere gelan, isilean, bere baitan bildurik, irakurtzen, ezpainak eta mingaina bera ere mugitzen ez zituela, eta horrek izugarri harritu zuen; izan ere, garai hartan ohikoa ez zen moduan, isilean, irakurtzen ari zen, gaur egungo moduan hain zuzen. Geroagoko denboretan ere ozenki irakurtzeko ohitura ohikoa izan zen.
Aspaldiko garai haietan irakurketa modu hori erabiltzeko arrazoiak asko izan daitezke: jende gehiena analfabetoa izan, eta irakurtzen zekienak denontzat irakurri behar; liburuak garestiak izaki, etxeetan oso ale gutxi egotea edo apaizek elizan irakurtzeko erabiltzen zuten modua imitatzea, besteak beste.
Irakurketa modu hori arras galdu bada ere, ohitura horren adibide bakan batzuk ikus ditzakegu oraindik ere zenbait tokitan egiten diren jendaurreko irakurketetan. Liburuaren egunean, apirilaren 23an, esaterako, Cervantesen On Kixote nobela ozenki eta jendaurrean irakurri ohi dute Madrilgo Circulo de Bellas Artesen, eta, gurean, euskal klasikoen irakurketa jarraitua egin ohi dute, ozenki, Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatuta. Iaz, oker ez banago, Bizenta Mogelen Ipui onac liburua horrela irakurri zuten euskaltegi horretako ikasleek.
Zorionez, gaur egun, irakurtzeko modu hori ez da ohikoa; izan ere, ezta batere erreza izaten ozenki eta jendaurrean irakurtzea, trabatu gabe eta tonu egokia aukeratuta. Uf!.