Erretratua

Nerea Saldias: "Inoiz ez da amaitzen ikaskuntza"

Intza Trula, Gorka Eizagirre eta Oihana Rojas 2026ko maiatzaren 10a

Umetako zaletasuna ogibide bilakatu da Nerea Saldiasentzat (Zarautz, 2000): dantza. Gehien maite duena egiten igarotzen ditu egunak, oinak lurrean dituela: formakuntza profesionala egiten ari da Madrilen. Apirileko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erretratua da honakoa.

Kontzientzia duenetik egiten du dantza Nerea Saldiasek (Zarautz, 2000). Etxeko egongelan, parkean, plazan eta oholtza handi nahiz txikietan erakutsi du diziplina horretan duen abilezia. Bere jaioterrian eman ditu urte gehienak, dantza ikasten nahiz irakasten, eta beste salto bat egin du orain Madrilera joanda, dantzako bi urteko formakuntza profesionala egitera.

Dantzarik gabeko bizitza bat imajinatzea "zaila" egiten zaio Saldiasi, umetatik egin duen zerbait baita. "5 edo 6 urte nituela hasi nintzen balleta egiten, eta garai horretan gimnastika erritmikoa ere probatu nuen", ekarri du gogora. 9 urte besterik ez zituela, bere osaba Bittor Zubizarretak BZ dantza estudioa zabaldu zuen herrian, eta kontatu du ordu mordoa igarotzen zituela bertan: "Haurren zein helduen eskoletara sartzen nintzen, berdin zitzaidan zein estilo dantzatzen ari ziren, denera animatzen nintzen".

Hala eta guztiz ere, adin horretan ume askok egin ohi duten modura, dantzatik harago, Saldiasek ere izan zuen beste gauza batzuk probatzeko gosea. Gaur egun erabat dantzari emana bizi bada ere, nerabezaroan eskubaloian eta futbolean ibilia dela kontatu du.

Txapelketetarako jauzia

Hogei urte inguruko ibilbidean, estilo bat bera ere ez du probatu gabe utzi Zarauzko dantzariak; hala nola bachata, dantza garaikidea, popping-a eta hip-hopa menderatzen ditu. Halere, aitortu du guztien artean saltsa estiloa duela maiteen.

Zenbait txapelketetan ere lehiatu da, eta ez da esku hutsik itzuli etxera. 2022. urtean, The Redys taldearekin, Kataluniako Txapelketa irabazi zuen. Helburu zehatzik gabe eman zuten izena txapelketa horretan, eta lehen sariak "sorpresaz" harrapatu zituen. Hiru denboraldi egin zituzten guztira txapelketetan, eta Saldiasek maitasunez gogoratzen ditu garai haiek: "Esperientzia oso polita izan zen, familia txiki bat ginen". Pasa den urtean beste pauso bat emateko aukera eman zioten, eta Falcon taldearekin Munduko Txapelketa jokatu zuen.

Saldiasek asko ikasi du urte hauetan, baina dantzari berriak trebatzen ere ibili da. Irakasle eta ikasle izatea, biak ditu gustuko: jasotzea zein ematea. Hala ere, garrantzi handiagoa ematen dio bere burua formatzeari, "inoiz ez baita ikasten amaitzen".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide