Erretratua

Ibon Elorza: "Balea Zarauzko hondartzara iritsi zen unea izugarria izan zen"

Enara Ariznabarreta, Gorka Eizagirre eta Oihana Rojas 2026ko uztailaren 12a

Gizon lasaia da Ibon Elorza, baina toldero lanean ez du lasaitasunerako tarte handirik izan. Esperientzia asko bizi eta lagun ugari egin ditu, eta urte luzez toldero lanetan aritu ondoren, aurten etapa hori ixtea erabaki du. Ekaineko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erretratua da honakoa.

Berrogeita bost urterekin hasi zen Ibon Elorza (Zarautz, 1961) toldero bezala lanean Zarauzko hondartzan, bere aitaginarrebak bultzatuta. Hogeita hamar urtez mekanikari gisa lan egin ondoren, toldero hastea erabaki zuen, eta hemeretzi urtez aritu da zeregin horretan. Aitaginarrebak erretiroa hartu ondoren, berak hartu zion erreleboa. Kontatu du "aukera hori suertatu zitzaiola eta hartzea erabaki" zuela. Horrela, tailer baten barruan jardutetik, Zarauzko hondartzaren handitasunera igaro zen.

Toldero lana "ez dela erraza" adierazi du: "Jendeak uste du hondartzan eseri eta toldoak irekitzea besterik ez dela, baina atzetik lan pila bat dago". Azpimarratu du toldero izateko pazientzia handia behar dela, eta gomendio horixe eman die etorriko diren toldero belaunaldi berriei.

Urte hauetan guztietan, gauza bitxi ugari bizi izan ditu Elorzak. Balea Zarauzko hondartzan lehorreratu zenekoa oroitu du: "Balea hondartzara iritsi zen unea izugarria izan zen. Toldoak ezin izan genituen ireki, eta toldoen gainetik atera zuten balea". Nafarroako ezkongai batzuek hondartzan galdutako eraztuna aurkitzen ere lagundu zuen, beste batean.

Toldero lana, beste ogibideak bezalaxe, aldatzen eta garatzen joan da. "Lehen uda osorako alokatzen zuten toldoa turistek. Gaur egun, aldiz, jendea bi asterako edota astebeterako etortzen da", azaldu du.

Gizon lasaiaren eta lotsatiaren itxura du Elorzak, baina toldero lanari esker jende pila bat ezagutzeko aukera izan du, eta Zarauzko toldero mitikoenetakoa bihurtu da bera. Aitortu du hemeretzi urte hauetan ezagutu dituen hainbat gazterekin harremana izaten jarraitzen duela.

Etapa baten amaiera

Bere aitaginarrebari hartu zion lekukoa duela hemeretzi urte, eta aurten berari egokitu zaio datozen belaunaldiei testigua pasatzea. Erretiratzeko adinera iritsita, uzteko une egokia zela esan du, eta pozik dagoela hartutako erabakiarekin. Hala ere, eta  nahiz eta erretiroa gogoz hartu, jendearekin eta bezeroekin zituen harremanak faltan sumatuko ditu. "Lana da, baina jendearekin oso ondo pasatzen da", nabarmendu du.

Ibon Elorza:

  • Adina: 64 urte. 
  • Ikasketak: 2. BBB (egungo DBH-4 dena).
  • Lanbidea: erretiratua. •
  • Tolderoa ez banintz… fresatzaile trokalari bezala jarraituko nukeen.
  • Denbora librean gogoko dut… eskubaloia ikustea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide