Bihotzarekin eta arimarekin jokatu zuten atzokoan Zarauzko futbol taldeko gizonezkoek, denboraldiko azkenaurreko partida, eta egindako esfortzuari esker, merezitako garaipena lortu zuten Zamudioren aurka. Etxetik kanpo jokatu zuten, bisitari moduan, eta Bizkaiko taldeari 0-2 irabazi ziton, Alfaren eta Iriren golei esker.
Baina ez zen nahikoa izan. Gainerako taldeen emaitzen mende zegoen Zarautz mailari eusteko, eta zortea ez zuten lagun izan. Aurkari zuzenek ere ongi egin zituzten euren etxeko lanak, eta ondorioz, matematikoki agur esan diote Hirugarren Federazio Mailari. Edonola ere, ZKEko Futbol atalak taldeak egindako lana azpimarratu du, eta jokalariek egindako ahaleginaz "harro" dagoela adierazi du.
Datorren asteburuan Zarautzen jokatuko du denboraldiko azken partida, eta urte guztian babes eta maitasuna erakutsi dieten zale guztiei garaipena eskaintzen saiatuko direla jakitera eman du klubak. Laugarren postuan kokatuta dagoen Derio izango du aurrez aurre Astiko zelaian.