Bihar afrofeminismoari buruzko mahai ingurua egingo dute Emakumeen Etxean (Nafarroa Kalea 3-C). Saioa 18:00etatik 19:30era izango da, eta sarrera librea izango da, edukiera bete arte.
Honako ekimen hau Zarautzek berdintasunarekin, kulturen arteko bizikidetzarekin, eta eztabaida feminista eta soziala aberasten duten askotariko ahots eta esperientziak ikustaraztearekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da.
Mahai inguruan zehar kolonialismoa, egiturazko arrazakeria, pobrezia, genero indarkeria, gutxiengo etnikoen diskriminazioa eta marjinazioa, eta emakume afrikarrek eta ondorengoek bultzatutako erresistentzia-, antolaketa- eta gizarte-eraldaketa-estrategiak jorratuko dituzte.
Gaia lantzeko, Jeanne Rolande Dacougna, Donostian bizi den arrazakeriaren aurkako aktibista feminista eta ikertzailea, Mari Lucia Monsheneke Bitimina, jatorriz Kongoko Errepublika Demokratikoko liderra, eta Fatou Dieng, erreferente feminista eta emakumeen ugalketa-osasunean oinarritzen den Firekutzen Elkarteko presidentea, izango dira bertan.
Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotziak adierazi du "herritar guztiak hitzaldi honetan parte hartzera gonbidatuta daudela, feminismoaren ikuspegi anitz, askotariko eta inklusibotik abiatuta, entzuteko, ikasteko eta gogoeta kolektiboa egiteko espazio bat sortzeko asmoarekin".