Erostarbek hirugarren amaitu du Bonsoy Gold Coast Pro txapelketan

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 4a

Nadia Erostarbe Bonsoy Gold Coast Pro txapelketan. (WSL)

Proba irabazi duen Stephanie Gilmore australiarraren aurka galdu zuen zarauztarrak finalerdietako kanporaketa. Hala ere, egundoko txapelketa osatu du, eta eskura izan zuen finalera sailkatzeko aukera.

Ongi merezitako hirugarren postua lortu du Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak Australiako Bonsoy Gold Coast Pro txapelketan. Munduko Surf Zirkuituari hasiera apala eman ondoren, zirkuituko hirugarren proban bere onena eman du eta finalerdietaraino iritsi da. Gainera, finalerako txartela ere eskura izan zuen hainbat momentutan. Aurrean, ordea, hiru bider munduko txapeldun Stephanie Gilmore australiarra izan zuen, eta hark ez zuen barkatu.

Hain zuzen ere, Gilmore izan da Bonsoy Gold Coast Pro probako aurtengo irabazlea, Luana Silva brasildarra mendean hartuta; australiarrak 17.33 puntu lortu zituen finalean, eta brasildarrak 14.07 puntu.

Finalerdietan, aldiz, Erostarberen eta Gilmore-n arteko aldea ez zen horrenbestekoa izan, eta zarauztarrak lehen olatuarekin 8.5 puntu batu eta apur bat estutu zuen australiarra. Azken txanpan, Erostarbe aurretik zen 14.23 punturekin (8.50 eta 5.73), Gilmore-en 13 punturen (7.00 eta 6.00) ondoan, baina australiarren 8 puntuko azken olatu batek zarauztarraren finalerako ametsa zapuztu zuen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide