Malen Amenabarren Ahaire erakusketa berria "kutixia iradokitzaile" bezala deskriba daiteke, eta hamar lan independentez osatuta dago: hamar ahaire, hamar ilustrazio, hamar gonbidapen. Doinu eta ilustrazio erakargarriz betetako lana da, surrealismotik eta onirikotik edaten duena. Apirilaren 22an aurkeztu zuen Zarauzko Arkami galerian, eta bertan dago ikusgai.
Arkami galerian aurkeztu duzu zure erakusketa berria. Zer aurkituko du ikusleak bertan?
Hamar irudi aurkituko ditu ikusleak bertan, hamar irudi handi. Irudi bakoitzak nire bizitzan zehar garrantzitsua izan den abesti batekin lotura dauka. Bertan, Ruper Ordorikaren, Olaia Inziarteren, Orbelen, Napoka Iriaren, Galbaheren eta Mikel Laboaren (Maddi Oihenarten bertsioa) abestiekin lotura duten ilustrazioak aurkituko ditu ikusleak, besteak beste. Hasieran abesti bakoitzeko ilustrazio bat egiten hasi nintzen, baina gero konturatu nintzen ilustrazioak beste abestiren batekin ere bazuela lotura. Orduan, nire abesti gustukoenetan oinarritutako lanak direla esan genezake.
Zergatik aukeratu duzu Ahaire izenburua?
Ahaire izena aukeratu nuen musikarekin eta doinuarekin zerikusia zeukan zerbait nahi nuelako. Sinonimoen bila hasi nintzen, eta ahaire hortik etorri da. Guztira hamar doinu dira, hamar ahaire.
Zer izan da zure inspirazio iturri nagusia?
Iruditzen zait nire iruditerian oso presente dauden gauzak edo elementuak sartu ditudala: animalia hibrido batzuk, paisaia desberdinak, pertsonak, bi pertsonaren arteko harremanak, landareak... Beti horrelako iruditeriaren bueltan aritu naiz. Kasu honetan, inspirazioa baino gehiago nondik edaten dugun da gakoa, eta nik musika asko entzuten dut; bereziki euskal musika jarraitzen dut. Orduan, agian aitzakia hori baliatu dut nire iruditeria propio hori gehiago zabaltzeko.
Lanak kutsu surrealista eta onirikoa du. Zure marka propioa dela esango al zenuke?
Ziurrenik, bai. Hasieran, aurretik sortuta nituen lanak argitaratzea eta erakustea pentsatu nuen, baina lehengo joerari jarraitzeak gehiago motibatzen ninduen; hau da, iruditeria propio hori lantzen jarraitzeak, baina kolore biziagoekin. Agian, hori egin zait interesgarriena. Nire iruditeria propioa da, baina estilo aldaketa batekin.
Zer transmititu nahi izan duzu?
Bakoitzari interpretazio librerako marjina uztea gustatzen zait. Ez zait gustatzen jendeak lan bakoitza zergatik egin dudan eta zer esan nahi duen galdetzea. Nik abesti baten hitzen zati batekin sentitu edo pentsatu nuena irudikatu dut, baina agian beste norbaiti zerbait guztiz desberdina transmitituko dio. Interpretazioa zabalik uztea gustatzen zait, leiho bat bezala.
Erakusketa Zarauzko Arkami galerian jarri duzu. Zergatik?
Beraiek proposatu zidaten erakusketa egitea, eta, egia esan, nire lehen erakusketa da. Sekulako zortea da horretarako aukera eman izana, eta, gainera, Zarautzen. Euskal Herrian erreferentea den herria da. Gainera, Zarautzen egiten dut lan, Lizardi institutuan; orduan, badaukat lotura herriarekin, eta bai, ilusio berezia egiten dit erakusketa bertan jarri izanak.
Nolakoa ari da izaten jendearen harrera?
Pare bat ordu egin nituen erakusketan. Aurretik ez daukat beste erreferentziarik, ez dakit zenbat jende joan ohi den erakusketetara. Joaten ari den jendeak eta ingurukoek gustatu zaiela esan didate. Nahiko positiboa izan da momentuz jaso dudana. Normalean ingurukoak izaten dira kritikoenak. Hurbil-hurbileko batzuk oraindik ez dira ikustera joan, eta beraien kritikaren zain nago. Inoiz ez ditut ikusi nire hainbeste irudi handi inprimatuta, baina oso pozik nago. Denbora luzeko lana da, eta ikusten duzunean dena paretan jarrita... Irudiak ez nituen nik jarri, Arkamikoek jarri zituzten, eta niretzat ere sorpresa izan zen horiek horman zintzilikatuta ikustea. Beraz, poza eta ilusioa sentitzen ditut.
Aurrera begira, ba al daukazu lanen bat esku artean?
Bai, pare bat gauza ditut esku artean: oraindik hasi gabe daukadan liburu proiektu bat, eta bukatutako liburu baten argitalpen aukera bat, baina oraindik argitaletxearen erantzunaren zain gaude. 1545 argitaletxearen barruan, helduentzako itzulpen bilduma bat egiten ari gara, eta Kafkaren ipuin batzuk ilustratu behar ditut.
Ez daukat amets handiegirik. Pozik nago egiten ari naizen bidearekin, eta bide honetatik jarraitzea gustatuko litzaidake. Ilustratzaile edo irudigile izatetik ezingo nuke nik nahi dudan bezala bizi. Irakaslea ere banaiz, eta batzuetan kostatu egiten da bi lanak uztartzea; beraz, bi lanak uztartzeko eta egiteko gogoa izatea gustatuko litzaidake.