Markina-Xemeingo Udalak antolatzen duen Peru Abarka album ilustratuen lehiaketa irabazi du Nerea Loiola idazleak, Gramo bat lanari esker. Guztira, 29 testu jaso dituzte eta epaimahaikideek aho batez erabaki du Zarauzko bizilagunak aurkeztukoaren aldeko hautua, hainbat arrazoi eta ezaugarri tarteko. Sari gisa 2.500 euro jasoko ditu eta lana album ilustratu formatuan argitaratuko diote jasoko ditu.
Narrazio irabazlean, "feminismoaren baitan bolo-bolo ibili ohi den gai bat" landu du Loiolak, baina begirada protagonistaren esperientzian kokatzen du. Epaimahaiko kideek zehaztu dute hizkuntza "zuzena eta sakona" erabili duela, "sinplea ustez, baina eta esanahiz betea", eta kontatzeko moldean daudela indarguneak gaian baino gehiago. Izan ere, narratzaileak denboran jauziak egiten ditu kontakizunaren unearen arabera, eta, horretarako, aditz-denbora eta pertsona baliatzen ditu. Era berean, azalpen zientifiko zehatzak ematen ditu, “baliabide estilistiko berri baten erabilera eginez”.
Behin narrazio irabazlea zehaztuta, orain ilustratzailea aukeratzeko lehiaketaren bigarren faseari ekingo diote. Bigarren epe honetan, narrazio hori ilustratzeko proposamenik onena aukeratuko du epaimahaiak. Ondoren, Erein argitaletxeak emango du argitara album ilustratua.
Itzulpena Lisiperako
Susa argitaletxearen Lisipe bildumaren hemezortzigarren zenbakia aurkeztu zuten atzo, Donostian, Basatiak. Begirada libre bat hilekoari, gorputz askotarikoetatik izenburupean. Maria Reimondez idazle galiziarrak idatzitako saiakera lana da, eta Nerea Loiolak euskaratu du; bere estreinako itzulpen lanaizan da. Lan honetan, ikuspegi biologiko esentzialista batetik aldenduta, lotu egiten ditu hilekoaren ertz politikoak, kulturalak, sozialak eta ekonomikoak.
Bestalde, Zizur Nagusiko (Nafarroa) Juul egitasmoan Oraire liburua saritu dute, D kategorian (10-12 urte bitartekoen mailan). Atal horretako liburu bozkatuena izan da, eta sari banaketa ekitaldia ekainaren 3an izango du, 17:00etan, hango Kultur Etxean.